'Belarriprest' eta 'ahobizi' txapak janzteko eguna

Gaur hasiko da Euskaraldia; ilunabarrean ekitaldiak egingo dituzte hiriburuetan eta hainbat herritan.

Txapak banatzen hasteko ekitaldia, hilaren 2an, Lekeition. ARITZ LOIOLA / FOKU
Txapak banatzen hasteko ekitaldia, hilaren 2an, Lekeition. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur hasiko da Euskaraldia. Laugarren aldiz egingo da hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ariketa masiboa, Euskal Herri osoan, aldaketa handi bat tartean dela: udaberrian egingo da lehengo aldiz. Hiriburuetan eta herrietan askotariko ekitaldiak daude antolatuta gaur ilunabarrerako, eta, horien bidez, parte hartzaileei modua eman nahi zaie modu kolektiboan murgiltzeko egitasmoan, festa giroan. Parte hartzaile askok ekitaldi horietan jarriko dituzte ahobizi eta belarriprest txapak, eta maiatzaren 25era bitartean iraungo duen egitasmoan murgildu.

Ekitaldi nagusiak Donostian, Iruñean, Getxon (Bizkaia), Gasteizen, Bilbon eta Baionan izango direla iragarri dute antolatzaileek, baina beste toki askotan ere egingo dira. Andoainen, Irunen (Gipuzkoa), Lemoizen, Barakaldon, Ortuellan (Bizkaia), Beskoitzen (Lapurdi), Donapaleun (Nafarroa Beherea)... Testu bateratu bat irakurriko dute guztietan, eta askotariko ekitaldiak egingo dira. Herri batzordeetan-eta mugimendu handia eratu da Euskaraldi honetarako, eta antolatzaileek adierazi dute gaurkoa hasiera besterik ez dela izango. Datozen egunetan ere ekitaldi asko egingo dira Euskaraldiaren inguruan. Horien bidez, jendearen atxikimendua sustatu nahi da, eta hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko bideak ireki ere bai.

Berantiarrenentzat, oraindik bada izena emateko modua. Horren harira, antolatzaileek gogora ekarri dute zertan datzan ariketaren dinamika. «Belarriprest eta ahobiziek, gutxienez aste eta erdian, lehen hitzak euskaraz egiteko ahalegina egingo dute, eta elkarrizketa elebidunak ugarituko dira, han eta hemen», azaldu dute, «Belarriprestak eroso esango dio parean duenari berarekin euskaraz hitz egiteko, eta ahal duen guztietan euskaraz egingo du». Txaparen garrantzia nabarmendu dute: ariketa errazten du, eta parte hartzaileen arteko konplizitatea sortzen lagundu. «Txapa jantzita ibiliko gara 11 egunez, kalean, lanean eta aisialdian euskaraz erosoago aritzeko». 

Udaberri giroan

Antolatzaileek espero dute ariketa udaberrian eginda txapak gehiago ikustea, eta, eguraldi ona lagun, kalean-eta ekitaldi gehiago egiteko modua izatea. Elkar mugituz egingo dugu leloa hautatu dute aldi honetarako. Maiatzaren 25ean bukatuko da ariketa, eta hurrengo egunean bertan egin asmo dute balorazioa. Aurrerago ere ikertu beharko da Euskaraldi honek zehazki zer lorratz utzi duen hizkuntza ohituretan, euskaltzaleen arteko lankidetzan. Lehendik ere egiaztatuta dago, hala ere, ariketa eraginkorra dela: aldatu egiten ditu hizkuntza ohiturak, eta euskaraz aiseago jarduteko bideak ireki.

Antolaketari begira, herri batzordeen ekarpena ezinbestekoa izaten da Euskaraldia hauspotzeko. Atzean duen babes instituzionala ere sendoa da. Taupa mugimenduaren kudeaketapean, Euskaraldiaren koordinazio mahaia osatzen dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak, eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak.

EKITALDIAK

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.