Belaunaldi desberdinak txirikordatuta

Txirikorda proiektua martxan jarri dute Usurbilen, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa. Hamasei bizilagunekin abiatu da: 18-30 urte arteko hamabi gazterekin eta 65 urtetik gorako lau adinekorekin.

Olatz Askorreta eta Haira Ribero, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioko bizilagunak, etxe atarian. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Askorreta eta Haira Ribero, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioko bizilagunak, etxe atarian. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2024ko maiatzaren 8a
19:45
Entzun

Gazteak eta adinekoak txirikordatuta, martxan da Txirikorda proiektua: belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa. Hango bizilagunak dira Haira Ribero eta Olatz Askorreta, eta irribarretsu daude etxe atarian, «ilusionatuta». Usurbilgo Udalak sustatutako proiektua da, 18-30 urte artekoentzat eta 65 urtetik gorakoentzat pentsatua, eta bi behar nagusiri erantzuten die: gazteek emantzipatzeko duten nahiari eta zailtasunari, eta adinekoek bizitoki egoki bat izateko duten premiari. Bi kolektibo horien beharrak ase eta egungo etxebizitza ereduaren arazoari aurre egiteko asmoz sortutako egitasmoa da, beraz.

Eraikinak hamasei etxebizitza ditu: bi logelako lau etxe, eta logela bakarreko hamabi. Horrez gain, eremu komunak ditu, bizitza komunitarioa eta belaunaldien arteko lotura sustatzeko asmoz diseinatutakoak: elkarte gastronomikoa, egongela bat, balkoi komunak... Eta herriari zabalduta dagoen gela bat ere badu, erabilera anitzekoa. Oraingoz, hamahiru etxebizitza beteta, hamasei bizilagunekin abiatu da proiektua —hamabi gazterekin eta lau adinekorekin—. Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatearen arabera, «belaunaldien arteko oreka bermatzen» saiatu dira, baina gazteen artean interes handiagoa piztu du proiektuak. Hala ere, hiru etxebizitza hutsik utzi dituzte, «apropos», adinekoentzat gordeta, eta alkateak iragarri du izena emateko epea zabalduko dutela berriro.

Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioko irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU
Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioko irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU

Hain zuzen, duela hilabete inguru hasi ziren Ribero eta Askorreta Txirikordan bizitzen, eta asteon iritsi dira gainerako kideak. Prozesu luze baten ondoren abiatu dute proiektua. Udalak pasa den urteko maiatzean esleitu zituen etxebizitzak, eta orduan jarri zuten martxan elkar ezagutu, komunitatea josi eta barne funtzionamendua adosteko prozesua. Behin egitasmoari forma eman eta obrak amaituta, planteamendu teorikoa praktikan ezartzeko ordua iritsi zaie, eta aztertu nahi dute ea garatutakoak norbanakoen eta komunitatearen beharrei erantzuten dien. Prozesua nola joan den azaldu du Askorretak: «Ekainean bilera batzuk egin genituen komunitate grin hori sortzeko. Udan geldialdia egin ondoren, irailean barne araudia nola egin planteatzen hasi ginen. Erronka da, baina proiektu honen xarma ere hor dago. Adinekoekin bizi zarenean, haien beharrak ikusten dituzu, jabetzen zara. Haien tokian jarri beharra dago, eta haiek gurean».

«Adinekoekin bizi zarenean, haien beharrak ikusten dituzu, jabetzen zara. Haien tokian jarri beharra dago, eta haiek gurean»

OLATZ ASKORRETATxirikordako bizilaguna

Barne funtzionamendua eta barne araudia diseinatzeko orduan, Zabalduz kooperatiba izan dute bidelagun. Guztia taldean erabaki dutela azpimarratu dute, eta erabakien hausnarketak egiten segituko dutela nabarmendu. Besteak beste, gastuak nola kudeatu. Izan ere, ez dute kontagailu indibidualik; eraikin osoan kontagailu bakarra dute, eta, printzipioz, gastu guztiei elkarrekin egingo diete aurre: ura, argindarra... Askorretaren hitzetan, «gastuekiko eta ingurumenarekiko» perspektiba landu nahi dute. Konposta egiteko erabakia ere hartu dute; eta eremu komunak garbitzeko txandak osatzekoa, besteak beste.

Oraingoz, bi astetik behin egiten dituzte bilerak, Riberok adierazi duenez: «Gai zerrenda bat egiten dugu, eta hor zehaztutako kontuak banan-banan lantzen ditugu. Bestalde, egin behar diren gauzak taldetan ditugu banatuak: komunikazioa, udalarekiko harremana, inaugurazioa eta abar. Zereginak banatzen ditugu, hobeto kudeatzeko». Komunitateko bizitza sustatzeko ideia zaparrada ere ari dira lantzen. Adibidez, «urtebetetze komunitarioak» egitea. Aurrekoan estreinatu zuten elkarte gastronomikoa, bilera afaria egiteko. Ribero: «Gogoa dago horrelako gauzak egiteko. Orain, inaugurazioan gaude zentratuta. Hori pasatzean, apur bat erlaxatuko gara, eta disfrutatuko dugu». Ostiralean egingo dute herri inaugurazioa, eta horretan ari dira buru-belarri.

Sortze prozesua

Usurbilgo alkatearentzat, «mugarri bat da» Txirikorda inauguratu izana: «Herri proiektu garrantzitsu bat da, eraldatzailea, berritzailea eta aitzindaria». 2019an egindako parte hartze prozesu batean du jatorria. Bertan, egungo etxebizitza ereduaren arazoak azaleratu ziren, eta arreta, batez ere, gazteengan eta adinekoengan jarri zuten. Hala, bi kolektiboak elkartu eta izaera publiko komunitarioko etxebizitzak irudikatu zituzten. Orduan diseinatutako aurreproiektuaren gainean eraiki dute egitasmoa.

Etxebizitzak adjudikatzerako orduan, baldintza batzuk ezarri zaizkie gazteei eta adinekoei. Gazteen kasuan, esaterako, ezin dute etxebizitza bat jabetzan izan. Helduen kasuan, bai, baina ordura arte beren bizitokia izandako etxebizitza «parke publikora ateratzeko» betebeharra hartuta. «Nahiko genuke etxebizitza hori gazteen emantzipaziorako bideratzea. Zirkuitu interesgarri bat sor daiteke hor».

«Herri proiektu garrantzitsu bat da, eraldatzailea, berritzailea eta aitzindaria»

AGURTZANE SOLABARRIETAUsurbilgo alkatea

Gazteen kasuan, halaber, bost urtetarako banatu dituzte etxebizitzak, eta alokairuak diru sarreren arabera finkatu. Hain zuzen, diru sarreren %15 jarri beharko dute alokairurako. Adinekoei dagokienez, egonaldiak ez du mugarik izango. Bost urtetarako esleitu zaizkie haiei ere, baina behin epe hori pasatuta, «egoerak bere horretan segitzen badu eta adinekoak bertan bizitzen segitu nahi badu», jarraitzeko aukera izango du. Alokairua, kasu honetan, pentsioen araberakoa da.

Txirikordako bizilagunek komunitateari ekarpen bat egiteko konpromisoa ere hartzen dute. Solaberrietak azaldu duenez, alokairua bi modutan ordaintzen dute: «Dirutan, eta lan komunitarioak eginda». Hain zuzen, hilero zortzi ordu eskaini behar dizkiote komunitateari. Hala azaldu du Riberok: «Forma eman behar diogu, baina asmoa da hemengo eremuak erabilita egitasmoak eta ekitaldiak antolatzea».

«Forma eman behar diogu, baina asmoa da hemengo eremuak erabilita egitasmoak eta ekitaldiak antolatzea».

HAIRA RIBEROTxirikordako bizilaguna

Alkatearen arabera, Txirikorda ez da proiektu bakan bat, eta Usurbilen eraikitzen ari diren zaintza ekosistemaren barruan kokatzen da. «Urte luzeak daramatzagu zaintza ekosistema hori eraikitzen. Pertsona ardatz duen arreta eredu komunitario bat eraikitzen ari gara, zaintzen beharrean daudenen nahiak erdigunean jarriko dituena. Ulertzen dugu Txirikorda badela zaintzarako espazio bat».

Proiektua martxan jarri baino ez da egin, baina bizilagunen artean nabari da gogoa eta komunitateari ekarpenak egiteko ilusioa. Txirikordak estutzen segitzea da asmoa, eta belaunaldien arteko harremana sendotzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.