Erresuma Batuko herritar gehienek Europako Batasunetik irtetea erabaki zutela jakin bezain pronto, hasi ziren analistak azalpen bila. Zergatik, zeren ondorio…
Demoskopiaren alorrean dabiltzanek debilidade interesgarri bat daukate, herritarren jarrera ulertzeko oso baliagarria zaiguna: analisi partzial eta mikroskopikoak. AEBetako hauteskundeetan zenbat emakume beltzek emango dioten botoa Hillary Clintoni, Sandersek boto-emaile gehiago ote dauzkan Pazifiko kostaldeko gazteen artean Atlantikokoenen artean baino, zer egingo duten bigarren belaunaldiko latinoek Trumpekin... Xehetasun handiko lanak dira, eta argigarriak edozein hauteskunde jarrera hobeto ulertzeko.
Brexit-ari buruz argitaratu direnen artean, nahikoa ahobatasun dago errua 50 urtetik gorakoei botatzeko orduan. Adin hori bitartean, YouGov analisi empresaren grafikoan ikus daitekeenez, EBn segitzearen aldekoak izan dira, zenbat eta gazteago orduan eta zaleago.
Grafikoaren eskuineko zutabean ageri den aldekareta oso gaiztoa da adinduentzat, agertzen duelako zenbat urtetan bizi beharko duten hartutako erabakiaren ondoriekin. Bakarren bat iritsi da “etorkizunik ez daukatenek erabaki dute etorkizun osoa daukatenen etorkizunaz” idaztera. Beste azterketagai bat lauki hori ikusita. Zein izango zatekeen emaitza 16 urte beteta dauzkatenek ere aukera izan balute parte hartzeko?
Antzeko ondorioetara iritsi ziren analistak Eskozian 2014ko irailean independentziari buruz egin zuten erreferendumean. Brexit-ean ez bezala, Eskoziakoan 16 urtetik gorakoek hartu zuten parte. Baina kasu hartan ere 60tik gorakoen jokabideak erabaki omen zuen azken emaitza. Inkestek ez zuten sumatu belaunaldi horri jokaleku berriak sortzen zizkion dudak eta kezkak: erretiroa, argindarraren prezioa… Horregatik iritsi ziren bi aukerak horren gertu inkestetan, gero emaitzak bermatu ez zuena. Azken hilabetean hartu omen zuten erabaki hori 60tik gorakoek, oso modu finean Londresek bidalitako mezu beldurrarazleen ondorioz.
Ikusi dugu bi kasu horietan, Brexit-ean eta Eskoziako erreferendumean, 50-60tik gorakoek oso jarrera kontserbadorea hartu dutela, eta erabakitzaileak izan litezkeela.
Gatozen gure herrira. Independentziari buruzko erreferendum batean, zer jarrera hartuko dute 50-60tik gorakoek? Hemen ere kontserbadorea, estatusa ez aldatzearen aldekoa? Ez nago horren seguru. Gure herriko abertzaletasunak antolatutako mobilizazio handietan, oso nabarmena da belaunaldi horren presentzia, bere bizitzako azken 40 urteotako jardunean beste helbururik eduki ez duena: independentzia, euskara… Ia bizitza osoa eskaini die belaunaldi horrek helburu horiei.
Adibide batzuk eta desberdinak jarrita. Gure Esku Dago-k antolatutako giza katean, urtarrilean euskal presoen eskubideen alde Bilbon egiten den manifestazio handian, eta beste neurri batean Arnaldo Otegiren ekitaldia Belodromoan… Ekitaldi horietan 50-65 belaunaldia aktibatzen da bereziki, gazte belaunaldien ausentzia nabarmen eta desproportzionatu bezain kezkagarriarekin.
Horregatik uste dut gure etorkizuneko erronka politikoei aurre egiteko orduan ez dugula asko kezkatu behar belaunaldi horrekin. Euskal Herriaz esandakoek berdin balio dute Kataluniarako: han ere 50-70 belaunaldia da prozesuaren berme nagusietako bat.