Emakumea eta ijitoa delako bi diskriminazio modu sufritzeko arriskua du Secretariado Gitano elkarteko berdintasun arduradun Sara Gimenezek. «Baina, hala ere, zuzenbidea ikastea lortu nuen», dio irribarretsu. Pertsonen Tratu Berdintasuna eta Arraza edo Etnia Jatorriagatiko Diskriminaziorik Eza Sustatzeko Espainiako Kontseiluko kide da, eta diskriminazioa sufritzen duten pertsonei laguntzea da haren zeregina. Bilbon izan da, Berdintasunaren Aldeko Foroan parte hartzera etorrita.
Gizarteak zergatik ez du diskriminaziorik ikusten?
Ikuspuntu homogeneoarekin jarraitzen dugu. Norbera bezalakoa ez dena ez onartzea eta diskriminatzea normala dela uste dugu. Beldur handia diogu ezezagunari, gure balio berberak ez dituenari, prototipo bat betetzen ez duenari. Hau esatea gogorra da XXI. mendeko Europan, baina hori da bizi dugun errealitatea. Gure gizartea askotarikoa da, eta egungo erronka nagusia aniztasun hori onartzea da.
Baina zergatik jotzen dugu ontzat?
Europako ibilbide historikoari erreparatzea besterik ez dago. Eta zer esanik ez Espainiako historiari begirada bat emanez gero. Ezberdina dena beti ukatu eta diskriminatuizan da. Zama hori dugu oraindik ere. Eta horregatikgizartea ez da bere jarreraz jabetzen. Ez da jabetzen, gainera, diskriminazioak zer kalte egiten dion sufritzen duenari. Ezinbestekoa da diskriminazioak dakarrena ezagutaraztea gizarteari.
Hitzaldietan gehien aipatu den diskriminazio moduetako bat lanpostua edo etxebizitza aurkitzerakoan sortzen dena da. Alegia, «ez dizut lana emango edo ez dizut etxea salduko/alokatuko halakoa zarelako». Baina askotan horregatik izan dela frogatzea ez da erraza izango ala?
Kasu askotan zuzenean esaten dizute. Adibidez, etxeen enpresek eurek esaten dizute bezeroak ez duela etorkinik edo ijitorik nahi. Secretariado Gitano elkarteko berdintasun alorrera askotan etortzen zaizkigu kexatzera abizen ijitoak dituztela ikusi dutenean-eta ezetz esan dietela. Adibidez, esaten dute etxea dagoeneko alokatuta dagoela. Baina gero elkartetik deitzen dugu beste abizen batzuk emanez eta libre dagoela eta nahi dugunean ikustera joateko esaten digute.
Herritarren arteko diskriminazio hau administrazioak egiten duena baino ohikoagoa izango da ala?
Ba, agian, bai. Baina administrazioak egiten duen diskriminazioa zeharkakoa izaten da, sotilagoa. Herritarrak askotan diskriminazioa ontzat jotzen du, etxebizitza nahi duenari alokatzeko eskubidea duela esaten dizu, eta nahi ez duenari ez. Administrazioa, ordea, jakitun da neurri batzuen barruan jokatu behar dela, muga batzuk dituela.
Zein da administrazioak egiten duen diskriminaziorik ohikoena?
Gehienbat segurtasun indarrena izaten da. Poliziak etorkinei eta beste arrazetako jendeari ematen dien tratua ez da behar bezalakoa. Baina hezkuntza alorrean ere bada. Adibidez, ijito eta etorkinak ikastetxe berberetan pilatzen dira. Hor diskriminazioa seme-alabak etorkinak eta ijitoak dauden ikastetxeetara eraman nahi ez dituzten gurasoen aldetik ere badago. Eta justiziari dagokienez ere sekulako gabezia dugu. Epaile, fiskal eta abokatuek ere ez dute diskriminazioaren aurkako legedia ezagutzen. Horrek esan nahi du estatuak ez duela arazoa serio hartu.
Diskriminatu dutela sentitzen duen herritar batek zer egin dezake?
Kontseiluko sarea osatzen duten elkarteen egoitzetara jo dezakete. Guk informazioa eta laguntza emango diogu. Baina badira beste aukera batzuk ere. Diskriminazioaren arabera, Arartekora jo daiteke, kontsumitzaileen elkarteetara, zaintza epaitegira... Edonola ere, laguntza eta informazioa nahi bada, zuzenena guregana jotzea da.
Zuek zer eskainiko diezue?
Ezer baino lehen, entzun egingo ditugu. Eta hori oso garrantzitsua da, biktimei ez baitie inork kasurik egiten. Gero informazioa eman eta aholkatu egingo ditugu, baita lagundu ere. Auzia epaitegira eraman behar bada, abokatuen elkargoarekin harremanetan jartzen gara. Azken batean, ez dugu bakarrik utziko arazoa konpondu arte.
Baina diskriminazioa sufritzeko arrisku taldeek ba al dute zerbitzu hauen berri?
Ba, seguruenik askok ez, eta hori da orain gure erronketako bat. Komunikazio eta zabaltze kanpaina betean gabiltza. Oraingoz ez dugu behar besteko ezagutzarik, baina poliki-poliki lortuko dugu. Eta, bide batez, gizarteari ere gure lanaren berri emango diogu, hartara diskriminazioa borrokatu behar den arazoa dela ikusarazteko.
Faktore askogatik diskriminatu dezake pertsona batek, eta gerta daiteke diskriminazioa sufritzen duen batek beste norbait beste zerbaitengatik diskriminatzea.
Bai, azken batean pertsonak gara. Gerta daiteke etorkin batek urritasuna duena diskriminatzea, edo alderantziz. Homosexualak transexuala diskrimina dezake. Bitxia badirudi ere, guk sufritutako diskriminazioa ikusten dugu eta ez guk egiten duguna. Kontseiluaren egitekoetako bat sentsibilizazioa da. Eta ez bakarrik gizartearena. Diskriminatzen duten diskriminatzaileei zer egiten duten erakutsi behar zaie.
Ijitoek sufritzen duten diskriminazioa ezin duzula ulertu diozu, gurean hainbeste mende daramatzan herria izanik. Lortu ez den onarpena oraindik lortuko den itxaropena duzu, hala ere.
Urratsak egin dira, eta gehiago egin behar dira. Baita ijitoen artean ere. Berdintasunera iristeko geuk ere aldatu behar dugu. Bazterketa giroan bizi gara, eta hortik atera behar dugu berdintasuna lortzeko. Ijitoen belaunaldi berriek ikasi dute: gainontzekoekin harremanak izaten hasi dira, eta hori oso ona da.
Emakumeen diskriminazioa bukatzeko beste alorretan baino urrats gehiago egin dira?
Horretan ere asko dago egiteko, baina ezin da ukatu izugarri aurreratu dugula. Nik uste eredu horri jarraitu behar zaiola. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko egin diren urratsek eredu izan behar dute gainontzeko diskriminazio guztiak bukatzeko.
Sara Gimenez. Secretariado Gitano taldeko kidea
«Beldur handia diogu ezezagunari, gure balioak ez dituenari»
Gimenezek dio gizarteak ez duela diskriminaziorik ikusten ezberdinak ukatzea normaltzat jotzen delako oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu