Politika

Belfastek bihar arte atzeratu du De Juana Espainiaratu edo ez erabakitzea

Euskal Herriko 10:15ean hartuko du berriz euskal preso ohia Burgess epaileak. Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurkako euroagindua eskatua du, ongietorriko gutunean "terrorismoa goratu" zuelakoan.

2009ko martxoaren 9a
17:56
Entzun
Iñaki De Juana Espainiaratu edo ez erabaki behar duen epaileak bihar arte atzeratu du erabakia. Belfasteko auzitegian hango 14:00etan hartu du (Euskal Herriko 15:00etan) gaur Tom Burgess epaileak euskal preso ohia, eta biharko 9:15ean (10:15ean Euskal Herrian) berriz agertzeko agindu dio. Hortaz, baliteke bihar bertan jakitea Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatutako euroagindua onartuko duen ala ez.

Abuztuan De Juanaren ongietorrian Donostian irakurri zuten gutunean honek Aurrera bolie esaldiarekin "terrorismoa goratu" zuelakoan eskatu dute Espainiaratzea. 21 urte egin zituen De Juanak preso.

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du nahi Burgessek eskua sartzerik De Juanaren auzian. Izan ere, Velascoren arabera, Belfasteko Auzitegiari "ez dagokio" auziaren edukietan sartzea. Delituaren tipifikazioari buruzko azaleko azterketa baino ez du egin behar. Auzia sakonean aztertzea Auzitegi Nazionalari eta berari dagokiola esana du Velascok.

Aurrera bolie esaeraren esanahiari buruzko azalpenak eskatu zizkion Burgessek Velascori, eta honek Guardia Zibilaren txostenarekin batera igorri zion bere erantzuna.

Azaroaren 17an hasi zen auzia. Velascok De Juana bilatzeko eta atxilotzeko euroagindua zabaldu eta sei egunera, euskal preso ohia bere kabuz aurkeztu zen Belfasteko Laganside Auzitegira. Egun osoa Poliziaren esku eduki ondoren, aske utzi zuten, 5.900 euroko bermea ordaindu eta gero. Horrez gain, bertze neurri batzuk jarri zizkion, hala helbidez ez aldatzea, nola gauez etxean egotea eta astean behin polizia-etxean sinatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.