Berdintasuna zaindu beharraz

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun nahiak hutsune asko ditu oraindik, horien artean zaintzaren alorrekoak. Ingurukoak zaintzeak emakumeen ardura izaten jarraitzen du.

Topaketan parte hartzen ari diren gizonek elkarretaratzea egin zuten, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Gizonok gogoeta egin behar dugu, egunerokotasunean egiten dugunari buruzko hausnarketa. Zer harreman daukagu bikotekidearekin, seme-alabekin, gurasoekin edota lankideekin? Nola bizi ditugu harreman horiek, eta garrantzitsuena, zergatik bizi ditugu horrela?». Mikel Otxotorena On:Giz elkarteko eta Berdintasunaren Aldeko Gizonen Foroko kideak «garbi» du gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren bidean asko dagoela egiteko. Eta horretarako etxean bertan hasi behar duela gizonak lana. Orain arte emakumeak bere gain hartutako lan asko bere eginez.

Berdintasunaren Aldeko Gizonen Foroak, Euskal Herriko nahiz Espainiako Estatuko hainbat gizon talde biltzen dituen plataformak, asteburuan Gasteizen antolatu duen bileran ari da parte hartzen Otxotorena. Urtero aurrez aurreko bi batzar egiten ditu foroak, gizartean ezarrita dagoenaz aparte gizon izateko beste modu batzuk ere badirela planteatzeko, eta aurtengo lehenengoa Euskal Herrian egiten ari dira. Bi egunetan gizonek zaintzaren eremuan egin dezaketenaz ari dira eztabaidatzen, planteamendu ezberdinekin, baina gaur egun ere ingurukoen zaintza emakumeek hartzen duten ardura dela jabetuta.

Berdintasunaz eta zaintzaren ardura emakumeen eta gizonen artean banatzeaz hitz egitea «justiziaz hitz egitea» dela uste du Otxotorenak. «Emakumeei ere ez zaie gustatzen lan batzuk egitea. Eta, hala ere, egin egiten dituzte. Guk zergatik ez?». Egunerokotasunak berdintasunaren alde egin dezakeenaren adibide asko ematen dizkio gizonari, Otxotorenak dioenez. «Gogoeta egin behar dugu, baina horrek ekintza eskatzen du jarraian. Eta, egunerokoan, gauza txiki askotan har dezakegu esku gizonok. Etxeko arduretatik hasita, horiek banatuz eta hainbeste gustatzen ez zaizkigun lanak ere gure gain hartuz».

Berdintasunaren Aldeko Gizonen Foroak hilabeteak daramatza zaintzaren arduraz gogoeta egiten, foroa osatzen duten taldeek bakoitzak bere aldetik lan egiten duten arren. Eta, egunotan, iritzi horiek mahai gainean jartzen ari dira. «Ez dugu nahi, sare gisa, iritzi bakarrarekin ateratzea bileratik», dio Otxotorenak, «talde eta ikuspegi ezberdinak daudelako»; baina, nolanahi ere, gutxieneko akordioak lortu nahi dituzte. Besteen zaintza gaur egun emakumeen ardura dela eta horri buelta eman behar zaiola ondorioztatuta. «Emakumeak arduratzen dira zaintzaz, emakumeak ia bakarrik. Eta hori arazo bat da».

Zaintza lana familiatik kanpoko norbaitek hartzen duenean ere, norbait hori emakumea izaten da. «Hor dagoen gurpil zoroak indartzen du zaintza emakumeen lana den ideia».

Sistema osoaren aldaketa

Azken urteetan berdintasunaren aldeko bidean aurrerapausoak egin direla uste du Otxotorenak. Baina «egiturazko desberdintasunek» hor diraute. «Berdintasunaz ari garenean, garrantzitsua da erroetara jotzea eta desberdintasunak mantendu eta iraunarazten dituzten oinarriak zein diren aztertzea. Eta hori apenas aldatu den».

Hor eragin behar dute gizonek, nahiz eta jakin aldaketa ez dela «egun batetik bestera» etorriko. «Balioez, ekintzez eta sistemaz ari garelako berdintasunaz ari garenean. Berdintasunaren alde lan egitea sistemaren aldaketa osoaren alde lan egitea da». Eta horrek denbora eskatuko duela badakite gizon taldeek. «Baikorrak gara, norabide onean goazela pentsatzen dugu, baina agian benetako gizarte berdinzale bat ezagutzeko bi, hiru edo lau belaunaldi igaro beharko dira, gizartearen balio aldaketa sakona eskatzen duelako».

Izan ere, gaur egun emakumeen eta gizonen gainean dauden rolek «matxistak eta sexistak» izaten jarraitzen dute, Otxotorenaren iritziz. Eta belaunaldi gazteek beste ikuspegi bat izan dezaten egin beharreko lana ez dagokio bakarrik familiari. «Askotan ahaztu egiten zaigu, familiaz aparte, beste faktore askok ere eragiten dutela haurren heziketan. Senideek ematen diotenaz gain, telebista ikusten du, ipuinak irakurtzen ditu, eskolara joaten da, parkera, lagunekin jolasten da, aitona-amonekin... Gurasoek norabide bateko mezua eman diezaiokete, baina, era berean, haurrak beste norabideko ehun mezu jaso ditzake».

Desberdintasunak gainditzeko gogoa irudikatzeko asmoarekin, bileran parte hartzen ari diren gizonek erratzak atera zituzten atzo iluntzean kalera, «desberdintasunak garbitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.