"Eskutitz hau sinatzen dugun gizonok badakigu gure gizartean ez dagoela berdintasunikemakumeen eta gizonen artean, ez harremanetan eta ez botere-banaketan, eta emakumeakgizonen menpe daudela", esanez hasten da Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak eta gizarteko hainbat alorretan ezagun diren beste 27 gizonezkok sinatu duten idatzia.
Euskal gizonen eskutitza, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren kontra gutuna Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak bultzatu du, eta gizonak berdintasunaren aldeko borrokan engaiatzeko xedea duen Gizonduz ekimenaren baitan kokatzen da.
Gure gizartean emakumeak mendeko direla aitortzeaz gain, horren oinarrian dagoen gizon ereduak ez dituela asetzen agertu dute. Halaber, zazpi konpromiso nagusi hartu dituzte: emakumeek sexismoaren kontra egindako aldarrikapenekin eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako salaketekin bat egitea; berdintasunik gabeko gizartearen zutabe diren jarrerak berraztertzea; beren burua eta besteena zaintzeaz arduratzea; etxeko eta familiako lanak beren gain hartzea; askotariko sexualitatea lortzearen alde egitea; beren nortasuna rol eta estereotipoetatik kanpo libre eraikitzen ahalegintzea, eta indarkeria baztertzea.
Haimar Zubeldia eta Igor Gonzalez de Galdeano txirrindulariak, Mikel Urdangarin eta Kepa Junkera musikariak, Kirmen Uribe idazlea, Patxi Perez aktorea, Mariano Ferrer eta Julio Ibarra kazetariak eta Jaime Tapaia Demokraziarako Epaileak elkarteko bozeramailea daude sinatzaileen artean.
Gizartea