Askabide elkarteko kideen eskuetan da jada Berdintasunerako Emakunde saria. Gaur goizean jaso du Miriam Santorcuato presidenteak, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren eskutik, Gasteizen, eta bereziki gogoan izan ditu prostituzioan eta gizarte bazterketan dauden emakumeekin lan egiten duten beste gizarte erakundeak: «Pandemian zehar are ageriago geratu da zuen inplikazioa».
Bizkaian prostituzioan diharduten andreekin lan egiten du Askabidek 1985. urtetik. Haien bizi kalitatea hobetze aldera jarritako tresnak eta baliabideak txalotu zituen Emakundek saria ematean, eta ildo horretan mintzatu da gaur Izaskun Landaida zuzendaria: «Hainbat emakumerentzat ezinbesteko heldulekua izan da Askabide; espazio bat ahalduntzerako, aurreiritzirik gabea». Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak aitortu du iazko konfinamenduak «ezustean» harrapatu zituela instituzio publikoak auzi honetan, eta hirugarren sektoreko erakundeek egindako lanaz «harro» agertu da.
Santorcuatok gogora ekarri du «justizia soziala» dela elkartearen helburu nagusia, eta, ildo horretan, prostituzioan diharduten emakumeen estigma gainditzen saiatzea dela euren lanetako bat: «Estigmak markatu egiten ditu». Bortizkeria matxistarekin lotutako beste lan ildoaz ere mintzatu da: «Kolektibo hau bereziki zaurgarria da indarkeriaren aurrean».