"Gaur ere, irailaren 8an, Berdintasunerako Legerik ez dago Hondarribian. Ez du balio beste egunetan berdintasunari buruz hizketan jarduteak, gaur ez bada aintzat hartzen". Hala esan du goizean Marian Santos EBko bozeramaileak aurten ere Hondarribian bi alarde daudelako: tradizionala -emakumezkoak kantinera baino ez dira; soldaduak gizonezkoak- eta parekidea -gizon-emakumezkoena-. "Honelakorik ez gertatzeko busti beharra dauka Udalak".
Santosen antzeko iritzia daukate alarde parekidearen alde dauden lagun eta eragileek. Kasu, Elixabet Olaskoaga Jaizkibel gizon-emakumeen konpainiako kideak: "Aitor Kerejeta alkateak badaki Berdintasunerako Legea hor dagoela, baina ez du ezer egiten betearazteko. Gainera, haren jokabidea trabatzailea da. Egoera luzatuz, jendeak egungo egoera betiko normaltasunez hartzea nahi dute, baina ez da normala, emakumeak baztertuta baikaude".
Jaizkibel konpainia 8:25ean abiatu da Gernikako Arbolatik -berrehunen bat lagun-, eta hainbat lagun haren aurka azaldu da aurten ere, aterki beltzekin-eta. Alarde tradizionala ordu erdi beranduago irten da -hogei talde, bost mila lagun-.
Jaizkibel babesteko, alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkariek parte hartu dute alarde mistoan. Besteak beste: Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak, Maider Carrere EAko exekutibako kideak, Jon Abril, Aintzane Ezenarro eta Ainhoa Beola Aralarreko ordezkariek, eta Arantza Gonzalez EBko Gipuzkoako batzarkideak. Guztiek eskatu dute Berdintasunerako Legea betetzeko eta beste urteetako irainak baztertzeko.
gizartea
"Berdintasunerako Legerik ez dago gaur ere Hondarribian"
Berriro bi alarde izan dira: tradizionala eta parekidea. Udalak emakumeak baztertu egiten dituela salatu dute alarde mistoaren aldekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu