Espainiako Gobernuak gaur jarri du indarrean Etxebizitzen Alokairu Merkatuaren Sustapen eta Malgutasun Nuerrien Legea. Euren etxeak errentan dituztenentzat nahiz alokairuan bizi direnentzat aldaketa ugari dakartza erreformak. Hileko errenta ordaintzen ez dutenen kaleratzeak erraztuko ditu legeak. Ordaintzeko abisua jaso eta hamar eguneko epean bidali ahal izango dira etxetik. Gainera, gobernuak erregistro bat sortuko du berankorrak diren errentarien datuak sartzeko. Era horretan, etxe jabeek alokairua ordaindu ez duten herritarren datuak ikusiko dituzten. Gobernuaren esanetan, saihestu egin nahi da "ordaintzaile txarren beldur" etxeak alokairu merkatura ez ateratzea.
Emantzipazio errenta, momentuz, ez da desagertuko: Madrilgo gobernuak mantendu egingo du laguntza, gutxienez Alokairua Sustatzeko Estatuko Planeko laguntza berriak indarrean sartu arte. 2008an jarri zen indarrean laguntza hori, 30 urtez azpikoen emantzipazioa sustatzeko asmoz. Hasiera batean, onuradunei hilean 210 euro ematen zizkien Espainiako Gobernuak etxea errentan hartzeko. Iaz, laguntza gehiago ez ematea erabaki zuen, baina lehendik jasotzen zutenei mantendu egin zien, kopurua 147 eurora murriztuta.
Etxea uzteko edo errekuperatzeko epeak ere bizkortuko dira. Behin sei hilabete pasa eta gero, maizterrak etxetik alde egiteko aukera izango du hilabete lehenago abisatuta, eta ez du kalte-ordainik pagatu beharko behar baino lehenago uzteagatik. Jabeak ere lehen baino bizkorrago errekuperatu ahal izango du bere etxea. Berak edo lehen graduko senideren batek behar izanez gero, aski izango du maizterrari bi hilabete lehenago abisatuta, hori bai, beharrezkoa izango da kontratuak ordurako urtebete ematea indarrean.
Alokairu kontratuaren iraupenaren epe legala ere murriztu da. Derrigorrezko luzapena izenez ezagutzen dena, lehen kontratuan sinatzen dena, bost urtetik hiru urtera laburtu da. Epe hori pasatakoan, ez jabeak ez maizterrak ezer esaten ez badute, aipatugako luzapen automatikoa aplikatzen da. Lehen hiru urtekoa izaten zen luzapena, aurrerantzean, urtebetekoa.