Hori da Euskal Herria 2020 txosteneko goi mailako irakaskuntzaren arloa landu dutenen diagnosia. Goi mailako irakaskuntza kudeatuko eta antolatuko lukeen egitura baten beharrarekin ados jarri dira. Irakaskuntzako eta ikerkuntzako eragileak, erakunde publikoetako ordezkariak eta eragile sozioekonomikoak bilduko lituzke egitura horrek. Baina nola antolatu? Denak ez datoz bat.
MASA KRITIKOA. Batzuen ustez, unibertsitate teknologiko baten sortzearekin Ipar Euskal Herriko goi mailako irakaskuntza handizki garatu ahal izanen da. Beste batzuen ustez, ordea, gaur egungo joera unibertsitateak batzean dago, eta «Ipar Euskal Herriak ez dauka nahiko masa kritiko». Horien ustez, unibertsitateen arteko sare bat sortu behar litzateke. Urtero 1.600 bat ikaslek gainditzen dute batxilergoa Ipar Euskal Herrian. Horiei gehitzen bazaizkie jadanik Ipar Euskal Herriko fakultateko lehen urtean izena eman duten 2.254 ikasleak, bada ikasle kopuru bat. Baina arras gutxi, unibertsitate handiekin konparatuz. Hala ere, gero eta ikasle gehiago dago, bereziki unibertsitate karrerak ez diren eskoletan, hots, karrera teknologikoetan. Masa kritikoaren eta unibertsitatearen egokitasunaren eztabaida hori ez da bukatu.
Beraz, gaur egungo gogoetak ez doaz berezko unibertsitate baten sortzeko bidetik. Eragileak mahai berean bilduz, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren garapen koherente baten zutik ezartzeko estrategia abiatuko lukete. Horren emaitzen arabera ikusiko litzateke ea berantago unibertsitate teknologiko baten sortzea posible izanen den ala beste gisako egitura bat beharko den.
SEKTORE EKONOMIKOAREKIN. Lan talde hori sortzen bada, norabide estrategiko batzuei aurre egin beharko die. Goi mailako irakaskuntzaren, ikerketaren eta enpresen garapena elkarrekin lotzea izanen da horietariko bat. Horretarako, hainbat sektore ekonomikoren beharrak kontuan hartzea litzateke egitura horren egitekoa. Goi mailako prestakuntzak aeronautika, laborantza, arrantza, lerra kirolak, eraikuntza, turismoa eta horrelako gaietara egokitzea proposatzen du Euskal Herria 2020 egitasmoak.
Orain arteko ikasketa arloak sendotzeko eta garatzeko beharra ere aipatu dute. Alabaina, ikasle gehienak lehen zikloetan dituzte. Ipar Euskal Herrian oso gutxi dira bigarren ziklotik aurrerako ikasleak, hala nola %22 bigarren zikloan eta %1 hirugarren zikloan. Alor horren betetzeko premia aipatu dute unibertsitateetako eragileek. Horrek erran nahi du ikerketa taldeak lagundu behar izanen direla, teknikoki eta ekonomikoki.
Ikasleak erakartzeko, hori baino gehiago beharko da. Lehen zikloko ikasle gehienak lekukoak dira. Baina bigarren eta hirugarren zikloko ikasketa arloak zabaltzeko, kanpoko ikasleak erakartzea baitezpadako ikusten dute. Lehen arazoa ikasleentzako bizileku gutxi izatea da. Horri buru egin behar diote, baina baita ere unibertsitateaz gaineko azpiegiturak sortzeari ere, hala nola ikasleentzako jatetxeak, kirola egiteko aukera eta abar. Hots, Baionan, Angelun eta Miarritzen ez dagoen ikasle bizia sortzea da erronka nagusietarikoa.
Erakargarritasuna «informazio argiagoa» emanez ere lortuko dela diote. Besteak beste Ipar Euskal Herrian dauden prestakuntza mota guztien bilduma eginen duen webgune baten sortzea, etorkizuneko beharrak aurreikustea edota Ipar Euskal Herriko eskaintza ezagutarazteko ekitaldi bereziak antolatzea lirateke aukera batzuk.
Lan munduko aldaketa handi bat ere aukera izan daiteke. Hemendik aitzina ikasketak edo lanbide prestakuntzak ez dira ikasle garaira mugatuko. Langileek bizi osan jarraituko dituzte prestakuntzak, gero eta zabalduago baita bizi osoa ez karrera berean iragaitea. Ipar Euskal Herriko goi mailako irakaskuntza sektorearen betekizuna izanen da «edozein adineko biztanle guztientzako prestakuntza egokiak proposatzea». Horri loturik, lan munduan sartzea errazteko eta bazterketa eragozteko neurriak hartzea arreikustea aipatzen dute txostenean. Prestakuntza zentroen eta enpresen arteko harremana garatzearen ideia atera dute berriz.Gogoeta horiek fruiturik emanen duten ala ez, beste eztabaida bat da.
proposamena
Medikuntza. Bordele 2-ko unibertsitateko presidenteak Baionan medikuntza arloko lehen urtea irekitzea proposatua du. Proposamen hori inork ez du azpimarratu. Baina, sortuta ere, zeinen egoitzan? Oraingo eraikinak Pauekoarenak dira.
diagnosia
Aukerak
Dinamika demografikoa. 2020an orain baino 50.000 biztanle gehiago izanen dira Ipar Euskal Herrian, orotara 310.000. Haatik, batxilergorako adinean izanen diren ikasleen kopurua antzekoa izanen da.
Hego Euskal Herria. Unibertsitateen arteko elkarlana bultzatzeko aukera dago.
Ipar Euskal Herriaren erakargarritasuna. Erakargarritasun horri balio handiagoa eman nahi diote, masterrak eta doktoretzak egin nahi dituzten ikasleak ekartzeko.
Unibertsitateak sarean antolatzea, elkarren arteko osagarritasunekin jokatuz.
Lehiakortasun guneak sortzea, besteak beste, aeronautikaren eta lerra kirolen inguruan.
Komunikazio eta informatika teknologia berrien garatzea.
Bizi osoan prestakuntzak jarraitzeko joera anitz igoko da ondoko urteetan.
Ahuleziak eta mehatxuak
Unibertsite guneak sakabanatuak izatea. Angelun, Baionan eta Bidarten daude unibertsitate guneak, eta horrek zailtasunak sortzen ditu ikasle bizia egituratzeko.
Irakaskuntza eskaintzaz informazio gutxi ematen da, eta bigarren eta hirugarren zikloko adarrak eskas dira.
Ikerlari taldeek oraino ere ez dute ezagupenik.
Ez dago etxebizitza aski ikasle guztientzat, eta diren ia guztiak sektore pribatukoak dira. Horrek zailtasunak sortzen ditu, diru iturri txikiak dituzten ikasleentzat bereziki. Etxebizitzen prezioaren goranzko joera arrisku bat izan daiteke etorkizunari begira.
Lekuko kudeatzeko toki baten eskasa.
Nazioartean erakargarri izan ezean eta ezagunak bihurtu ezean, unibertsitate gune txikiak desagertzera kondenatuak dira.
Bernard Causse Baionako IUTko irakaslea
«Eraikinak egitea ez da aski, ikasketen edukia ere landu behar da»
E. Bidegain
Baiona
Berezko unibertsitatearen aldeko militante sutsua da Bernard Causse IUTko irakaslea.Baionako IUTko bere bulegoan hartu gaitu, non obretan ari diren. Euskal Herria 2020 txostena lantzen parte hartu du.
Nolako borondatea ikusten duzu goi mailako irakaskuntzaren egituratzeko?
Hautetsi gehienak tematzen dira instituzio aldaketa oro ukatzeko, unibertsitatea barne. Unibertsitatea ukatzeko erabiltzen dituzten argudioek ez dute zentzurik. Erraten digute instituzio aldetik ezinezkoa dela. Unibertsitateen historiak kontrakoa erakusten digu. Bestela, erraten digute garestiegi dela eta ez dagoela dirurik. Bitxi da. Ez dago dirurik unibertsitate bat sortzeko, baina bada nahikoa errugbi taldeak sostengatzeko.
1999an Ipar Euskal Herrian garatu beharreko ikasketa sareen zehazteko kontseilu zientifiko eta teknikoak huts egin zuen. Zergatik?
Errana genuen horrek ez zuela ezertarako balio. Ez zegoen lekuko eragileen esku. Tresna hark ez zuen deus konkreturik eman.
Nicolas Sarkozyk unibertsitateen arteko kooperaziorako erakunde publiko baten sortzea proposatu zuen Baionan, 2003an. Hori ere ez da obratu.
Bete gabeko promesetariko bat da. Proposatu zuen egitura hura oraino ez zen existitzen. Gu prest gaude aitzindari izateko, gauza berriak egiteko, baina ez ginen oso bero. Unibertsitateak badira. Zergatik behar dira tresna berriak sortu, guri denbora pasarazteko eta, funtsean, deus ez egiteko baldin bada?
Batzuen ustez, ez da ikaslerik aski, hemen, unibertsitate bat sortzeko. Unibertsitate txikiek ez dute aukerarik etorkizunean?
Ez dugu deus sortu modu koherentean. Ez dago unibertsitateen arteko sinergiarik, geografikoki banatuak dira. Horrek ez dezake ikaslerik erakarri. Ez da nahikoa eraikinak egitea. Edukia ere landu behar da.
Txostenean taula bat ageri da, Ipar Euskal Herrian diren eskaintza guztiekin. Baina oso nahasia ageri da. Lerra kiroletan edo ingeniaritza alorretan bina zentro daude gutxienez.
Bai, ikaragarriko nahasketa da. Prestakuntza batzuk Bordeleko Unibertsitatearen menpe dira, beste batzuk Estiaren menpe. Prestakuntza batzuk egoitzen bila dabiltza. Ez dago koherentziarik.
Adar zientifikoak eta teknologikoak aipatzen dira. Baina giza zientziak?
Egia da atal hori erabat ahantzia izan dela. Alta, gauza originalak egin daitezke hemen, giza zientzien arloan. Munduari ireki behar gatzaizkio. Euskal unibertsitate bat sortu nahi dugula leporatzen digute. Ez da hori gure xedea, baizik eta Euskal Herriko unibertsitate bat sortzea, kanpoko jendea ere erakartzeko.
Ofizialeek langilerik ez dute aurkitzen, eta ikasketa anitz egin dutenek ez dute lanik. Ikasketak gehiegi bideratzen dira goi mailakoetara?
Arazoa orokorra da, ez da bakarrik Ipar Euskal Herrikoa. Ofizialeek langileak aurkitzeko duten zailtasunari erantzun behar zaio, baina gazteak ez dira eremu horretan gelditu behar. Hemendik aitzina bizian maiz aldatuko dugu ofizioz, eta gazteei ez zaie prestakuntza mugatuegia eskaini behar. Bizi osoan ikasteko aukera behar da.
Noizbait izanen da berezko unibertsitate bat Ipar Euskal Herrian?
Espero dut baietz, hurrengo belaunaldientzat. Orain arte denbora xahutu dugu. Pena da hemen horrelakorik ez sortzea, beste tokietan badaudela ikusiz. Ez diezagutela ikasle kopuruaren istoriorik kontatu. Duela hamabost urte Arroxelako Unibertsitateak baino mila ikasle gehiago genituen. Orain Arroxelakoak 7.000 ikasle ditu. Haien aukera berak genituen, eta baita gehiago ere, Hego Euskal Herriari esker.
Nolako elkarlana egin daiteke Hego Euskal Herriko unibertsitateekin?
Harremanak beti izan dira, baina ez aski, Hego Euskal Herriko unibertsitatea gurea baino anitzez egituratuagoa delako. Horiek hola, hainbat trukaketa izan dira, jardunaldien bidez, bi aldeetan ari diren irakasleen bidez eta abar. Baina sinbolikoa da.
Zer egin behar da sinbolikoaren heina gainditzeko?
Hemen berezko unibertsitate baten sortzean dago giltza. Hori gabe, ezin dugu hitzarmenik egin.