Immigrazioa. Instituzioen jarrera

Bergararen aurkako salaketa tramitera onartu, eta ikerketa hasi du epaitegiak

Ez du Sestaoko alkatea inputatu oraindik; informazioa eskatu dio udalari, kasua argitzeko.Etorkinak erroldatzeari uko egitea egozten diote.Adierazpen arrazistak egin zituela leporatu zioten maiatzean

Josu Bergara alkatea, iragan maiatzaren 22an, udalbatzako hainbat kideren babes keinuak jasotzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano- Arantxa Iraola
2014ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Josu Bergara Sestaoko alkatearen (Bizkaia) aurkako salaketak lehen urratsa egin du auzitegian: Barakaldoko 2. Instrukzio Epaitegiak tramitera onartu du SOS Arrazakeriak maiatzean aurkeztutako salaketa, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Halere, ez du alkatea inputatu oraingoz: informazioa eskatu dio udalari, prebarikazioaz akusatzeko zantzurik dagoen egiaztatzeko, eta horren arabera inputazioari buruz ebazteko.

Sestaon bizi diren zortzi ijito errumaniarrek abiatu zuten Bergararen aurka salaketa: prebarikazioa leporatu zioten, arrazakeriaz jardun izana astungarritzat hartuta, alkateak ijito zein etorkinak erroldatzeari uko egin izan diola argudiatuta. Alkate izan aurretik, Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendari ere izan zen.

Bada, prozedurarekin aurrera jarraitzea erabaki du epaileak, eta prebarikazioari beste delitu bat erantsi dio: eskubide zibikoen aurkako delitua. «Erroldatzea ukatuz bizilagun izaera hartzea eta zerbitzu publikoak erabiltzea oztopatu da», argudiatu du epaileak. Eta erantsi du zerbitzuon artean hezkuntza dagoela, hau da, «oinarrizko eskubide bat», erroldarik ezean ezin direlako haurrak eskolara eraman.

Edonola ere, zuhurtzia handiz idatzi du epaileak autoa: ez du auzia artxibatu, baina ez du alkatea inputatzeko pausoa eman. «Zigor prozedura bat ez da prospekzio helburuz abiatzen, edo, bestela esanda, 'ea zer gertatzen den', baizik eta baieztapen baten egiazkotasuna frogatzeko helburuz, baieztapen hori egiaztatuz gero, penalki zigortutako ekintza bat gauzatuko bailitzateke», adierazi du. Funtsean, Bergara inputatu aurretik, froga gehiago nahi ditu epaileak: delituetan alkateak izandako «parte hartzearen zantzu zehatzak» eduki nahi ditu, baita «delitua egiteko borondatearekin» eta «etorkinak herritik botatzeko azken xedearekin» jardun zuela adierazten duten zantzuak ere.

Bergara zuzenean inputatu ez duen arren, auzian parte izateko aukera eman dio: abokatuaren bidez, diligentziak eska ditzakeela eta prozeduren berri jaso dezakeela jakinarazi dio. Ikerketa aurrera eramateko, informazio zehatza eskatu dio epaileak Sestaoko Udalari: 2012ko urtarriletik erroldatze eskaerak jaso, tramitatu eta emateaz arduratu diren udal langileen zerrenda galdegin du. Salatzaileek eginiko eskaerak eta ezezko ebazpenak ere eskatu dizkio, baita ebazteke daudenak ere; txostenetan «arrazoiak» agertu behar direla aipatu du epaileak. Halaber, eskakizunei ez erantzunez gero, desobedientzia delitua egingo lukeela ohartarazi dio udalari. Salatzaileek ere beren adierazpena berretsi beharko dute: irailean deitu ditu deklaratzera. Bergarak, berriz, ez du oraingoz epailearen aurrean deklaratu beharko; halako prozeduretan ohikoa den arren, epaileak ez du eskatu.

Esandakoen zama astuna

Iragan maiatzean eman zuten etorkinek salaketaren berri; SOS Arrazakeriaren aholkularitzarekin egin zuten urratsa. Alkatearen jarrera gaitzetsi zuten, eta, etorkinekiko jarrera baztertzailea erakusteko bideo bat aurkeztu zuten: hainbat higiezinen enpresetako jabeekin hitz egiten ageri da alkatea irudietan. Asaldatzeko modukoak dira esaten dituenak. Artegagarriak. «Segur aski jende atzerritar on asko dago [...], baina egin dezagun hautaketa minimo bat». «Oso ijito on gutxi dago». «Kaka guztia Sestaora? Ez, ez! Kaka jadanik ez da etorriko Sestaora; bestela bota egingo dut nik; ni neu arduratuko naiz joan daitezen; ostiaka, noski!».

Berehala jakin zen bideo horren berri, erruz zabaldu zen, eta kritikak hasi ziren. Azalpenak eman zituen alkateak eta adierazpen arrazistak «desegokiak» izan zirela onartu zuen. Berehala desbideratu zuen, ordea, eztabaida: Sestaon «delinkuentzia» arazo larria dela ohartarazi zuen, eta haren mezua kezka horren inguruan ulertu behar zela. Grabazioa, gainera, «editatua eta manipulatua» zegoela deitoratu zuen. Berehala bilera batera deitu zituen Sestaoko etorkinen elkarteetako ordezkariak, eta argazki bat atera zuen haien ondoan.

Eta arrakasta izan zuen hautatu zuen bideak. Esaterako, alderdi barruan -EAJkoa da— epelak izan dira kritikak, eta dimititzeko eskaririk ez dio egin inork. Are gehiago, izan da esandakoak «pasioz» egindako hitzak izan zirela argudiatu duenik. EAJko Iñaki Anasagasti senataria, esaterako, halaxe mintzatu zen. Herrian, gainera, txaloka hartu zuten askok alkatea, azalpenak emateko egin zituen agerraldietan, eta bere aldeko manifestazioak eta keinuak ere izan ziren auzo elkarteen partetik. «Funtsean, haren adierazpenak osotasunean partekatzen ditugu». Halaxe, aginte makilarekin jarraitzen du.

Arartekoa, nahi eta ezinean

Eta ez dirudi jazotakoak argitzeko aparteko borondaterik duenik. Asteon El Mundo egunkariaren bidez jakin da EAEko Arartekoak Sestaoko Udalari informazioa eskatu bazion ere, argibiderik ez duela jaso, eta horregatik, bigarren aldiz eskakizuna egitea erabaki zuela hilabete honen hasieran. Sestaoko elkarbizitza arazoei buruzko argibideak eskatu ditu arartekoak, eta hiria gizarte eta hirigintza aldetik biziberritzeko asmoz hartu dituzten urratsen gainekoak. Erroldatzeei buruzko galderak ere egin ditu, eta horri besterik ez dio erantzun udalak arartekoari, eta ez modu osoan.

Bergarak 2011. urtean hartu zuen Sestaoko alkatetza, eta ordutik behin baino gehiagotan jarri behar izan du harremanetan arartekoak Sestaoko Udalarekin, eta ohartarazi izan dio ez dituela aintzat hartu emandako aholkuak. Arartekoak polemika hau guztia lehertu aurretik ere ohartarazia zuen Sestaoko Udalean behar bezalako erantzuna ez zitzaiola ematen ari «herritarren parte baten bazterkeriari». Ezin ziren ontzat jo hartutako bideak. Orduan isilean igaro ziren arazoak; herri mailan. Gero lehertu ziren. Alkatearen hitzekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.