Bermeak kendu eta akordiorako aukera oro aztertzea eskatu du EAk

Aralar, EAJ eta independenteek espresuki EAri ipinitako bermeak exijitu dituztela eta ez dituela beteko argi utzi du UrizarrekNaBai zatitu nahi izatea eta EAren dinamika ez errespetatzea egotzi die beste alderdiei

Maiorga Ramirez eta Pello Urizar, atzo, Iruñeko EAren egoitzan, zuzendaritzako kideez inguratuta. IÑIGO URIZ / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ez atzera ez aurrera, erabat blokeatuta dago NaBairen inguruko auzia. Eusko Alkartasunako zuzendaritzak atzo Iruñean EAJri, Aralarri eta independenteei eskatu zien hauteskunde kanpainaren prestaketa lanak bertan behera utz ditzatela eta «egungo egoera konpontzeko bide oro aztertzen» ahalegindu daitezela. «Borondatea badago, marjina dago akordiorako». Hala ere, Aralarrek eta EAJk ez dute aintzat hartu eskaera hori, eta bere ikuspuntuari eusten diote. «NaBaik esan beharrekoa esan du, eta ez da aldatu. Hauteskundeak prestatzeko lanari ekin diogu, eta atea irekita dago baldin eta EAk sinatzen badu», adierazi zuen atzoTxentxo Jimenez Aralarreko Nafarroako koordinatzaileak. EAJren ikuspuntutik, «ez dago atzera egiterik, denak baitu bere muga».

Iritzi publikoaren aurrean hausturaren ardura nork hartzen duen, horretan datza azken orduetako adierazpenen zergatia. EAJk, Aralarrek eta independenteek exijitzen diote EAri NaBairen akordioa sina dezala: sinatuz gero, NaBain dago; sinatzen ez badu, kanpoan. Dokumentu hori sinatuz gero, EAk ezker abertzalearekin dituen akordioetan Nafarroari dagozkion konpromisoek balioa galduko lukete, eta ezingo luke ezker abertzalearekin beste eszenifikazio bateraturik edo konpromisorik hartu. EAko militanteek astearteko nazio batzarrean erabaki zuten hauteskunde aukera bakarra Nafarroan NaBai dela, ez besterik, baina apustu estrategikoei eutsi zieten, «Nafarroan ere bai».

EAk «nahi ez duen egoera»

Herenegun Aralarrek, EAJk eta independenteek gutuna igorri zioten Urizarri. Bertan ohartarazi zioten hauteskundeak prestatzen hasi direla, baina EAk «forman eta moduan» sinatzea erabakiz gero tokia izango duela koalizioko zerrendetan. Atzo, gutun horri erantzun zioten EAko zuzendaritzako eta Nafarroako buruzagitzako kideek. Bertan ziren, besteak beste, Pello Urizar, Maiorga Ramirez, Maria Luisa Mangado, Koldo Amezketa eta Aitor Etxarri.

NaBaiko beste koaliziokideek herenegun idatzitako gutuna dela eta, Maiorga Ramirez Nafarroako koordinatzaileak azpimarratu du, batetik, Eusko Alkartasuna «NaBairen zati garrantzitsu bat» dela eta, bestetik, nazio batzarrak asteon «erakunde eta hauteskunde arloan» koalizioan parte hartzearen aldeko konpromisoa azaldu duela. «Barcinaren UPNri irabazteko batu egin behar da, eta ez betorik jarri. Argi dugu aldaketa politikorako nahitaezkoa dela EA alderdia; zeren aldaketa indarrak batuta etorriko da, eta ez gure esparrua murriztuta». Urizarrek gaineratu du NaBai «koalizio bateratzailea eta irekia» izateko asmoz jaio zela eta izpiritu horri eutsi beharko liokeela.

Bigarrenik, Maiorga Ramirezek nabarmendu du hurrengo legealdiko «koalizioaren nukleoa» hitzartuta dagoela, jada oinarri politikoen, programatikoen eta antolamenduzkoen akordioa badutelako. «Ez dugu ulertzen zergatik azken orduko baldintzak direla-eta EAJk eta Aralarrek kolokan jarri duten NaBairen etorkizuna», aipatu du. Pello Urizarren ustez, beharrezkoak ez diren baldintzak horiekin, «EAren subiranotasunari eraso diote».

Hirugarrenik, EAk alderdi bakoitzaren dinamikak errespetatzeko eskatu du, eta ezadostasunen gainetik «aldaketa politikoa lehenestea» eskatu diete NaBaiko beste eragileei. Maiorga Ramirezek gogorarazi du iraganean Aralarrek Euskal Autonomia Erkidegoan Ezker Batuarekin hauteskunde arloko akordioak hitzartu zituenean EA ez zegoela ados, eta orain EAJk PSOErekin Kongresuan hitzartu dituen akordioekin ere «ezadostasun sakonak» dituztela. Hala ere, orduan eta orain Nafarroan «boto abertzalea bateratzea» lehenetsi dutela argudiatu du. «Horregatik eskatzen dugu EAk normalizazioa eta bakea lortzeko egin duen apustua errespeta dezatela».

Azkenik, hauteskunde lanak bertan behera utzi eta egoera larri horri konponbide bat bilatzeko ahalegindu daitezela eskatu die Aralarri, EAJri eta independenteei. Urizarrek salatu du jarritako baldintza horiek EArentzako direla espresuki. «Ematen du jada hasieratik mesfidantza dagoela. Gure ustez, ez da zilegi EAk ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin duen akordioak Nafarroari eragiten diola baloratzea, eta Urkulluk Zapaterorekin egin dituen akordioek nafarrei ez dietela eragiten baloratzea», argudiatu du.

EAko idazkari nagusiaren irudiko, «agian EA kanporatzeko bide bat diseinatu da», eta horrek erakutsiko luke Nafarroa Bai zatitu nahi dutela. Pello Urizarrek gogorarazi du urtebete daramatela esanez UPN, PP eta alderdi sozialista urduri daudela testuinguru politiko berriarengatik. «Ez dira deseroso dauden bakarrak. Ikusten ari gara EAJ eta Aralar urduritzen ari direla. Zapaterok bazkide leial bat topatu du EAJrekin, eta Aralar EAJren adiskide banaezin bihurtu da». Urizarrek iradoki du, gainera, Aralarren eta EAJren akordioa ez dela Nafarroarako bakarrik: «Ez da lurralde bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.