"Ez dago ezer. Bi eskailera baino ez", Mari Carmen Gomezen etxearen arrasto bakarra dira bi eskailera horiek. Astebete da Bermeoko Nardiztar Jon kaleak su hartu zuenetik, eta hutsunea da geratzen den gauza bakarra. "Hogei urtez baino gehiago bizi izan naiz hemen".
Bizkaiko Hitza-k bihar argitaratuko duen erreportaje zabalean Beni Barrena Seguros Bilbao aseguru etxeko langileak dio suak eragindako kalteei keak eta suhiltzaileen urak sortutakoak gehitu behar zaizkiela. Kaltetuak izan ez diren denda eta tabernak pixkanaka normaltasunera bueltatuz doaz.
Hutsuneaz eta erre usainaz gain, ordea, suteak elkartasuna utzi du Bermeoko txoko guztietan. "Hurbiltasuna sentitu dugu, jendeak humanitatea erakutsi digu; harro egotekoa da", dio erreportajean Idurre Bideguren Bermeoko alkateak. Herritarren laguntzarekin alde zaharra lehengoratuko dutelakoan dago, edo hobeto utziko dutelakoan.
Katea Sarea elkartea janaria eta arropak biltzen ari da kaltetuentzat. "Herritarren erantzuna ikaragarria da", dio Edurne Sanchez elkarteko kideak. Hainbat ekimen sortu dira herrian kaltetuak diruz laguntzeko, eta maiatzaren 5erako elkartasun jaia antolatu dute.