GIZARTEA

Bermeoko sutean kaltetutakoek laguntza eskatu diote Jaurlaritzari

Etxebizitzak berreraikitzeko prozesua azkartzea eta finantzatzea ere galdegin diote gobernuari. Bizilagun askok diru arazo larriak dituzte, asegurutik jasotako dirua ez baita nahikoa gastu guztiak ordaintzeko.

Bermeoko sutearen biharamuna. LUIS TEJIDO, EFE
Maite Asensio Lozano.
2014ko apirilaren 8a
08:03
Entzun

Ostiralean urtea beteko da sute batek Bermeoko alde zaharra kiskali zuenetik, baina oraindik "asko" geratzen da egiteko, Bermeo Suten kaltetuen elkarteko presidente Arantza Perezek gaur azaldu duenez. Sutean erretako hamabost eraikinetako batzuk birgaitzen hasiak diren arren, hainbat proiektu geldituta daude. Prozesua arintzeko, kaltetuei kredituak emateko prest dauden banketxeekin hitzarmena sinatzeko eskatu dio Perezek Eusko Jaurlaritzari: "Obren finantzazioa errazten ez bada, ezingo ditugu etxeak berreraiki, ez dugulako nahikoa dirurik. Aseguru etxeak familia bati 70.000 euro eman badizkio, eta etxea berreraikitzeak 120.000 balio badu, nola lortuko du sendi horrek diru hori?".

Perezek azaldu du gastu ugari dituztela kaltetuek: asko erretako etxearen hipoteka pagatzen ari dira, eta egungo bizitokiaren alokairua ere bai; horri erantsio dio aseguruek estali ez dituzten jarduerak, hala nola, garbiketa, aldamioak jartzea, azpiegiturak desmuntatzea... "Familia batzuk oso egoera ekonomiko larrian daude", esan du. Espainiako Barne Ministerioak diru laguntza ukatu die, bai kaltetuei, baita Bermeoko Udalari ere.

Ostiralean, urteurren egunean, ekitaldia egingo dute Kafe Antzokian, 20:00etan, kaltetuei laguntza eman dietenei esker ona adierazteko. 40 artelan zozketatuko dituzte, eta lortutako dirua elkarteari igorriko diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.