Michel Veunac. Miarritzeko auzapeza

«Beroaldi batean idatzi agiria izan da»

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Michel Veunacek (1946, N'Kongsamba, Kamerun), Miarritzeko auzapezak (zentrista, Modem), «aspalditik» errepikatzen du behin eta berriz «Euskal instituzio baten alde» dela. Hautetsien Kontseiluak egitura bakarraren ikerketa barnatzearen alde egin bozketa gaitzetsi du agiri batean Veunacek, Angelu, Bokale eta Bidarteko auzapezekin.

Zer eskatzen duzu zehazki?

Ikerketa sakondu behar dela. Zein baldintzetan? Nork? Nola?

Baina ikerketa barnatzea, hori du bozkatu hain zuzen Hautetsien Kontseiluak.

Deus ez da zehaztua erabiliko den metodoaz, ez eta epeez. Galdera horien pausatzeko eskubidea daukat, sakrilegio egile bezala erakutsia izan gabe, batzuek egin duten bezala. Euskal entitatea oztopatu nahi duen norbait gisa aurkeztua izan gabe. Aski lan egina dut horren alde. Orain ez dut nehorengandik leziorik jasotzerik. Biziki kexu naiz.

Noren aurka zara kexu?

Lurralde osoak daukan gogoeta zapuztu nahi duten lau auzapez garela diotenen aurka. Batera-k galdetzen du ea Euskal Herriari bizkarra eman nahi diodan. Badu hogei urte Euskal Herriaren alde ari naizela. Ez dute horren errateko eskubiderik, kasu egin behar dela dioten batzuez.

Hor diozuna baino anitzez gordinagoa da bidali duzuen agiria; erakunde publiko bakarra «munstro instituzionaltzat» daukazue, «gobernaezina»...

Beroaldi batean idatzi agiri bat izan da agian, bai. Hautetsien Kontseiluaren bilkuraren ondotik idatzi zen. Nihaur ez nengoen, familia arazo batzuengatik. Tentsio une batzuk izan ziren, dirudienez. Orain, nik diodana da guztiak berriz elkarrizketara itzuli behar dugula. Hau guztia lasaitu behar da. Ez gara ari itsasalde eta barnealdeko auzapezen artean zatiketa sortu nahian. Auzapezen Biltzarreko presidenteordea naiz. Baina badugu eztabaidatzeko eskubidea. Eztabaida dezagun. Errepikatzen dut: euskal instituzio baten alde naiz, Euskal Herri mailako kolektibitate baten alde. Baina, hartuko dugun bideko sasiak aitzinagotik garbitu nahi ditut, emaitza positibo iristeko.

Gauzak dauden bezala, larrazkenean zure iritzia eskatuko dizutelarik auzapez gisa, egitura bakarraren proposamena ukatuko ote duzu?

Ez, batere! Sinpleki, jakin nahi nuke horrek zer erran nahi duen.

Bilkura bat eskatua duzue Hautetsien Kontseiluko burua eta zuen Hiri Elkargoko buru den Etxegaraiekin, zertan da hori?

Hiri Elkargoaren barruan gaude bost auzapezak, elkar ikusten dugu erregularki. Gai hau aipatuko dugu, eta solastatzeko elementuak aurkituko ditugu aitzinatu ahal izateko. Bizi politikoan beti gertatzen dira giro berotzeak.

Herriko etxeko zure lantaldean abertzaleak daude; gai hau aipatu ote duzue elkarrekin?

Ez zehazki. Egunero ikusten ditut hiriari lotu gaiak aipatzeko. Beste gai batzuk aipatu ditugu, ez hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.