Aizkorpe bailaran (Gipuzkoa) herritarrek doan jasoko dituzte, gaurtik aurrera eta hamabost egunez, BERRIA, GOIERRIKO HITZA eta Goierritarra aldizkaria. Idiazabalen, Seguran, Zegaman, Zerainen eta Mutiloan egingo dute banaketa, guztira 2.500 etxetan. Ampo enpresak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta aipatutako bost udalek babestu dute ekimena. «Produktuak aurkeztea eta ezagutaraztea» da kanpainaren helburu nagusia, Joanmari Larrarte Berria taldeko ordezkariaren arabera.
Atzo aurkeztu zuten kanpaina Idiazabalen, eta han izan ziren parte hartzen duten erakunde eta taldeen ordezkariak. Zeraingo eta Mutiloako alkateak ezin izan ziren joan aurkezpenera, baina bi udalek ekimenean lagunduko dute. Produktuak ezagutarazi ondoren, harpidetza kanpaina zabal bat martxan jarriko du BERRIAk.
Euskarazko hedabideen garapenari begira, jendearengana iristea «zaila» dela adierazi zuen Larrartek, «erdarazko merkatuan bizi garelako». Horregatik, kanpaina «herritarrengana iristeko ahalegin» gisa egin dela argitu zuen. Euskal hedabideen «baliabide faltaz» ohartaraztearekin batera, Larrartek eskerrak eman zizkien kanpaina babestu duten erakundeei eta Ampori: «Egiten duten ahalegina eskertzekoa eta txalotzekoa da».
Estreinakoz egingo du Berria taldeak Aizkorpeko bailararako antolatu duen harpidetza kanpainaren tankerako bat. Ekimena beste toki batzuetara zabaltzeko aukera bi elementuren baitan kokatzen du Larrartek: alde batetik, ekimenaren arrakasta «neurtzeko beharra»; bestetik, toki guztietan kanpaina bera planteatzeko ezintasuna, gogorarazi baitu bailara guztiak ez direla «Aizkorpekoa bezain euskaldunak».
Berezko finantzaziorako bide
Jon Agirre Ampoko presidentearen iritziz, enpresek «eginkizun sozialak» dituzte, eta «Ampok egin ditzakeen ahaleginen barruan» dago Berria taldearen ekimenari emandako laguntza. Euskararen egoeraren harira, zer egina badagoela nabarmendu zuen Agirrek: «Euskara beti dago krisi txiki batean, eta guztiok egin ditzakegu ekarpenak euskararen alde». Proiektua «oso interesgarria» iruditu zaiolako eman dio Ampok babesa, Agirrek azaldu duenez.
Erakundeek euskarazko hedabideen finantzazioan lagundu behar dutelakoan dago Estibaliz Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarazko zuzendari nagusia: «Euskarazko hedabideek zailtasun bereziak dituzte». Bestalde, argi utzi zuen, etorkizuneko aurrekontuei dagokienez, ez direla «urte oparoak» izango, baina kanpaina «bide onean» egin dela uste du: «Berria taldeak berezko finantzabide gehiago izan dezan lagundu nahi dugu».
Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak bost udalen izenean hitz egin zuen. Ampori eskerrak eman zizkion, «euskararekin duen prestutasunagatik». Berria taldeak «komunikabideetan euskara txertatzearen alde eginiko lana» dela eta, udalek taldea laguntzen jarraitu behar dutela uste du Imazek. Hala ere, azaldu zuen diru publikoak «gero eta gutxiago» baldintzatu behar duela taldearen finantzazioa.
BERRIA doan, harpidetza ekimenaren erakargarri
Berria, 'Goierriko Hitza' eta 'Goierritarra' doan jasoko dituzte Seguran, Idiazabalen, Zegaman, Zerainen eta Mutiloan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu