Iristear da maiatzaren 26a; orduan egingo dute Bizkaiko ikastolen aldeko festa, Ibilaldia, Getxoko San Nikolas ikastolak antolatuta. Horri begira, BERRIAk eta Ibilaldiak akordio bat sinatu dute gaur. Harremanak estutzea izan dute xede, Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunak azaldu duenez: «BERRIAk lehendik ere egin izan ditu hitzarmenak Ibilaldiarekin, baina hitzarmen hori sendotu, sakondu eta egonkortu dugu. Datozen urteetarako ere, lankidetza honekin jarraitzeko konpromisoa hartu dugu».
Lankidetza aldebikoa izango da. Akordioa dela eta, BERRIAk jaiaren publizitatea jarriko du, «baldintza berezietan». Halaber, egitaraua osatzeko esperientziak ere eskainiko ditu. Ibilaldiaren egunean, BERRIAk bere gunea izango du, eta eskaintza ugari izango dira: photocall bat, zozketak, merchandising banaketa... «BERRIAk jai egun nagusian eta mugarriak diren egunetan bere ekarpena egingo du edukietan eta euskarrietan», nabarmendu du Lasak.
Ibilaldiak ere egingo du ekarpena. BERRIA jaiaren babeslea izango da, eta haren logoa agertuko da gainontzeko hedabide laguntzaileekin. Gainera, BERRIAk 3.000 BERRIAlagun egiteko apustua egina du, eta BERRIAlagun izateko eskaintza zabalduko dute Bizkaiko ikastolen sarean.
Hezkuntza begiz jota
Lasaren irudiko, estrategikoa da BERRIAk hezkuntza eragileekin harremanak sendotzea: «Hezkuntza esparruko eragileekin lankidetza sakontzen ari da bereziki BERRIA, esparru oso garrantzitsua baita hezkuntzarena». Eta, ildo horretan, aberasgarria iruditzen zaio Ibilaldiaren gisako jaietan egotea: «Garrantzitsua iruditzen zaigu euskarazko hedabideek ere horrelako jaietan presentzia esanguratsua izatea, euskaraz bizitzeko ekosistema irudikatzeko helburua daukagulako».