Berrikuntza urtea izango da BERRIArentzat. Kalitatezko informazioa irakurleen esku jartzeko konpromisoa berrituko du BERRIAk, eduki gehiago eskainiz, azkarrago eta, aldi berean, sakonago. Biziago eta landuago. Komunikazio euskarri guztietan. BERRIA forma eta molde guztietan berrituko da aurten; lehenik, edizio digitalean (Berria.info), eta, ondoren, paperezko edizioan. Berria.info webgunearen aldaketa urteurrenaren datarekin bat etorriko da, ekainaren 21aren inguruan. Beste proiektu batzuk lehenago jarriko dira martxan, eta beste batzuk, geroago. Urteurrenari lotutako ospakizunak aukera ezin hobea izango dira berritze prozesu hori elikatzeko, BERRIAk eskaintzen duen zerbitzua denon artean hobetzeko.
Berria, hatz puntan
Lehen berrikuntza Berria.info sakelako telefonoetan irakurtzeko aplikazioa da. Jadanik BERRIAk badu iOS sisteman garatutako aplikazioa Apple Store-n. Dohainik deskargatu daiteke. Aste gutxi barru Android sistemarako aplikazioa ere eskuragarri egongo da. Aplikazio horri esker, era eroso batean irakurri ahal izango dira Berria.info-ko albisteak eta gainerako zerbitzuak, hatz baten mugimendu hutsarekin. Halaber, atal berezi bat eskaintzen du Berria telebistako bideoak ikusteko. Aukeratutako albisteak gogoko gisa gorde daitezke beste une batean irakurtzeko. Albisteak garrantziaren arabera edo denboraren arabera kontsultatu daitezke. Menuak sail guztietan barrena nabigatzeko aukera ematen du, agenda kontsultatu edo eguneko marrazki zintak ikusteko.
‘Ipar Euskal Herriko Hitza’ sarean
Gertuko informazioa funtsezko elikagaia da, eta are gehiago Ipar Euskal Herrian, abagune historiko batean baita. Horregatik, Ipar Euskal Herriko Hitza-ren paperezko asteroko edizioari sareko edizioa gehituko zaio. Edizio bizia izango da, etengabe eguneratuko dena, gizartearen beharrei hobeto erantzun ahal izateko. Halaber, edizio irekia izango da, lurralde guztietako eragile eta herritarren parte hartzea sustatuko duena. Martxoan abiatzea espero da.
Mendian barrena, Ibilkari
Laster batean, euskal mendizaleek beste erreferente bat izango dute: Ibilkari, Berria.info-ren mendiari buruzko kanala edo ataria. BERRIAk astero eskaintzen dituen orrien arrastoari jarraikiz, mendiarekin lotutako mota guztietako albisteak eta kontakizunak eskainiko ditu, eta, horrez gain, elkargune bat izango da mendia maite duten ororentzat; ibilbide bilduma handi bat eta dokumentazio zabal bat sareratuko du, mendizaleen bidelagun bihurtu nahian.
Estilo Liburua, kontsultarako tresna
BERRIAk 2006an kaleratu zuen bere Estilo Liburua. BERRIAren hizkuntza eredua, kazetaritza egiteko modua eta ikuskera islatzen du. Baina hedabideak biziak diren bezala, hizkuntzak ere bai. Ezinbestekoa da gaurkotzea, etengabe. Horregatik, aurten Estilo Liburu gaurkotua sarean izango da eskuragarri. Kontsultarako tresna eraginkor bat izango da, edonorentzat baliagarri, kazetari izan edo ez.
Bilaketa sistema erabilgarri bat izango du, liburuaren atalak (hiztegia, munduko eta Euskal Herriko geografia, deontologia, ortotipografia, onomastika...) arakatu ahal izateko. Kontsulta solteak egiteko ez ezik, atal osoan irakurtzeko aukera emango du. Hala, kontsulta solteak nahiz azalpenen irakurketa, biak landuko dira. Halaber, besteak beste, Estilo Liburuan egindako azken eguneraketak nabarmenduko dira, gaikako hiztegi txikiak eskainiko dira, eta iradokizunak egiteko modua emango da.
‘Berria.info’ berria
Ekain aldera, hamargarren urteurrenarekin batera, asmo handiko berrikuntza bat gauzatuko du BERRIAk: webgunea berritzea. Etorkizunera begira komunikazio digitalaren eremuan eginkizun garrantzitsua duela uste du BERRIAk. Euskararen erabileraren ikuspuntutik, BERRIAk bere webgunearen bidez eskaintzen duen edukiz betetako plaza dinamiko eta bizia funtsezko tresna da euskaldunontzat. Albisteak, gertakizunak, iritziak, irudiak, bideoak, uneak eta beste euskaraz jaso, banatu eta aberasteko aukera ematen du. Aurrerantzean, era eraginkorrago eta ikusgarriago batez egiteko asmoa du BERRIAk. Teknologia berrien laguntzaz, erabiltzaileen parte hartzea errazagoa eta sakonagoa izango da. Euskaren erabileraren erronka nagusietako bat eremu digitalean jokatuko da, eta hor Berriak euskaren lorategia ureztatutako duen tresna izan nahi du. Teknologia berrien zabalkundea eta garapena euskararekin uztar daitezen, ekarpena egingo du BERRIAk.
Jadanik, Berria.info berriaren proiektua lantzen ari da lantalde handi bat, webgune berria ikusgarriagoa, erabilgarriagoa, bat-batekotasunari erantzuteko ahalmen handiagokoa, kazetaritza molde berriei egokitua, multimediagoa, parte hartzailegoa eta sozialagoa izan dadin. Diseinuarekin eta egiturarekin batera, edukien eskaintza ere berrituko da. Webgunearen aldaketa papereko edizioaren berritzearekin osatuko da hurrengo hilabeteetan.