Atzo jakin zen COVID-19 birusarekin berrinfekatutako pertsona bat atzeman zutela lehen aldiz. Hong Kongetik heldu zen berria: 33 urteko gizonezko baten berrinfekzioa egiaztatu zutela adierazi zuten hango zientzialariek; aurrena, apirilean eritu zen, eta, orain, Espainian egonaldi bat egin ostean, berriz infektatu da. Bigarren aldiko birusaren genoma eta aurrenekoarena desberdinak ziren, eta hori dela-eta ondorioztatu dute ikertzaileek berrinfekzio bat izan dela: «Argi eta garbi». Gaur, Belgikatik eta Herbehereetatik heldu dira antzeko albisteak. «Ebidentziak» ugaritzen ari dira, beraz, adierazi ahal izateraino immunitate sistemak birusari aurka egiteko sortzen dituen antigorputzek denbora laburrean irauten dutela.
Herbehereetan Marion Koopmans ikertzaileak adierazi du egiaztatu ahal izan dutela adineko pertsona bat bigarren aldiz infektatu dela. Belgikan, hango gobernuaren aholkulari Marc Van Ranstek eman du berrinfektatutako emakume baten berri; lehen aldiz infektatu eta hiru hilabetera izan da. Berrinfekzioen inguruko «ebidentziak» falta baziren ere, halakoak ez direla ezohikoak izaten adierazi du Koopmansek: «Arnas aparatuko infekzioak behin baino gehiagotan gerta daitezke». Van Ranstek onartu du, pandemiaren eboluzioari begira, albisteak kezka eragiten duela, eta erantsi du berrinfekzioen arteko tartea txikia dela: «Nik espero nuen denbora tarte luzeagoa egotea». Hong Kongen atzemandako kasuan 142 egun igaro ziren bi infekzioen artean.
OME Osasunaren Mundu Erakundeak esan du, hala ere, «anekdotikoak» direla oraindik halakoak, eta zer ikertua franko dagoela. «Ulertu egin behar dugu zer-nolakoa den immunitatea. Horretarako, infektatuei jarraipena egiten ari zaizkie talde asko, antigorputzak neurtzen dizkiete, babes natural horrek zenbait dirauen ulertu nahian». Ñabardura egin nahi izan du, gainera, eta nabarmendu du, txerto eraginkor bat lortzen bada horren ondoriozko immunitatea gorputzak berez eragindakoa baino «indartsuagoa» izango dela.
Segurtasun neurriak
Hong Kongeko ikertzaileek ere adierazi dute beste zenbait koronabirusek ere «iraun» egiten dutela gizakietan; horixe gertatzen dela, adibidez, hotzeria eragiten duten hainbat birus motarekin ere. Prebentzio neurri gisara, beraz, informazio gehiago izan aurretik, behintzat, birusa izan dutenek ere maskarak janzten eta gainerako segurtasun neurriak betetzen jarraitu behar dutela nabarmendu dute.