Klima aldaketa

Berriz ere igo dira munduko CO2 isurketak, bi urteko geldialdiaren ostean

Txinaren ekonomiaren hazkundeak eta erregai fosilen kontsumoak ekarri dute isurketen gorakada.

Alemaniako fabrika baten tximinia, kea botatzen. FILIP SPINGER
inaki petxarroman
2017ko azaroaren 13a
13:23
Entzun

Beste errekor bat izan dute munduko CO2 isurketek 2017an, eta 2015eko mailara iritsi dira berriz ere. Global Carbon Proyect (CGP) partzuergo zientifikoak eskatuta, gaur argitaratu dituzte emaitzak Earth System Science Data eta Nature aldizkariek, 2006tik hona urtero egiten duten moduan. Hain zuzen ere, 41,5 gigatonako CO2ren gas isurketa baliokidea egin du munduak aurten, aurreko urtean baino %2 gehiago. Emaitza horien berri emango diete Bonnen (Alemania)  COP23 klima aldaketaren goi bileraren harira elkartu diren munduko agintariei.

Azterketaren egileek nabarmendu dutenez, Txinaren isurketen hazkundeak ekarri du 2017ko igoera hau. Izan ere, %3,5 handitu ditu herrialde horrek klima aldaketa eragiten duten gasen isurketak. Ikatzaren kontsumoa %3 handitu du, petrolioarena %5, eta gasarena, %12. Gauzak horrela, Txina bihurtu da, inoiz baino gehiago, munduko isurlerik handiena. Izan ere, 10,2 gigatona CO2 (Gt) hark isuriak dira. Atzetik dauzka Ameriketako Estatu Batuak, 5,3 gigatonarekin, Europako Batasuna 3,5ekin eta India (2,4 Gt), Errusia (1,6 Gt) eta Japonia (1,2 Gt).

Azterketa honetan, gas isurketa hiru arlotan hartzen dute aintzat: erregai fosilen erretzearekin lotutako arloa, industriarekin lotutakoa eta basoen soiltzearekin lotutakoa. Azken atal horretan —isurketen %10 hari egozten dizkiote adituek— ez dute ikusi aldaketa handirik iaztik. Aldiz, beste bi ataletan ikusi dituzte aldaketak adituek. Hain zuzen ere, arlo horretan izan dute isurketek %2ko hazkundea. Adituen arabera, aurten jaitsi egin dira isurketak AEBetan (%0,4) eta Europako Batasunean (%0,2), eta handitu egin dira Txinan (%3,5) eta Indian (%2). Munduan, guztira, %1,9koa izango da hazkundea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.