Bertan behera utzi dute Ertzaintzan andreei postuen erdiak uzteko erabakia

Genero kontuengatik lanpostuak gordetzea legez arautu behar dela argudiatu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ertzaintzako azken promozioan lanpostuen erdiak emakumeei gordetzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki hori bertan behera utzi du. Herrizaingo Sailak hamar eguneko epea dauka epaiari helegitea aurkezteko, baina epaia onartzen duela esan, eta ez duela halakorik egingo iragarri du ohar baten bidez.

SIPE Ertzaintzako sindikatuak Herrizaingo Sailaren erabakiari jarritako helegitearen ondorio da epaia. Ertzaintzak 140lanpostu berri sortu zituen, eta Arkautiko akademiako zuzendariak horietatik 70 emakumeentzat gorde zituen. EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, Herrizaingo Sailaren erabakiak ez du legezko oinarririk. Horrelako zerbait erabakitzeko ahalmena aurrez legeak jaso behar duela dio epaiak, eta kasu honetan ez dela betetzen baldintza hori.

Atzo jakinarazitako epaia emateko, gainera, antzeko beste kasu batean oinarritu dira. Izan ere,2010eko maiatzaren 12ko beste epai baten aipamena egiten du. Hark ere Herrizaingo Sailak hartutako honen antzeko erabaki bat bertan behera utzi zuen. Harako hartan Ertzaintzaren barne promozio bat zegoen auzitan. Ikerketako ofizialorde izateko lanpostuen erdiak emakumezkoentzat gorde ziren.

EAEko Auzitegi Gorenak ukatu egin du Gizon eta Emakumeen Arteko Berdintasunerako Legeak emakumeei lanpostuak gordetzea babesten duenik. «Legeak berdintasunaren aldeko agindu orokorrak ematen ditu», dio epaiak. Agindu horrek ez duela halabeharrez lanpostuak gordetzea esan nahi ere badio. Auzitegiaren arabera, lege honek eta Lisboako Itunak ez dute arauz kanpo uzten funtzionario publikoak aukeratzeko estatutua. «Horretarako, legegileak arau berri bat sortu beharko luke beren-beregi», ohartarazi du.

Hala, epai honen ondorioz, Ertzaintzako 23. promozioa modu honetan osatuko da, epaia indarrean sartzen den unetik bertatik: 180 gizonezko eta 50 emakumezko. Orotara, 230 ertzain berri izango dira, azkenean lanpostu eskaintza 140tik 230era handitu zutelako.

Poliziaren Legea

Herrizaingo Sailak epaiaren argudioetan aurkitu du konponbidea. Ohar batez azaldu dutenez, Auzitegi Nagusiak lanpostuak gordetzeko bide bat ireki dio Poliziaren Lege berriari. Legegai honen zirriborroak dioenez, EAEko polizien kargu diren erakundeek emakumeentzat zenbat lanpostu gorde ditzaketen erabakitzeko eskumena izango dute.

Polizia Lege berria indarrean sartzen denetik emakumeei gordeko zaien lanpostu kopurua erakundeak dituen helburuen araberakoa izango da, baina muga batzuk bete beharko ditu: «Ezingo da lanpostuen %30 baino gutxiago izan, baina ezta %40 baino gehiago ere». Emakumea aukeratua izateko, gainera, ezingo ditu bere lehiakide den gizonezkoak baino 15 puntu gutxiago izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.