Ametsa zena gizakiarentzat, txoriek bezala hegan egitea, segituan amesgaizto bihurtu zuten militarrek. Berunezko trumoiak eragin, eta odolezko ekaitzak ekarri zituzten. Wright anaiek 1903an aireratu zuten lehen hegazkina; zortzi urte eskasera, 1911ko azaroan, Giulio Gaviotti lotinant italiarrak aireko lehen bonbardaketa egin zuen. Libian izan zen, Tripoli inguruan, Italiaren eta Turkiaren arteko gerran. Gidatzen zuen aireplanotik jaurti zituen, eskuz, lau bonba. Ez zuen inor hil, baina bidea urratu zuen.
Italiarren asmakizunak laster aurkitu zituen jarraitzaileak. 1913ko udarako sei Lohner hegazkin erosiak zituen Espainiako Aireko Armadak. Rifeko gerran sartua zen ordurako Espainia, eta urrian Marokora bidali zituzten aireplanoak, Tetuanera, Alfredo Kindelan kapitainaren aginduetara eskuadrila bat sorturik. Airetik egindako bonbardaketen lehenbiziko itua jarri zuen eskuadrila hark. Alemaniatik ekarri zituzten Carbonit bonbak, historian lehen aldiz airetik botatzeko apropos eginak. Abenduaren 17an, Eduardo Barros eta Carlos Cifuentes kapitainek Ben Karritxan jaurti zituzten lau. Aireko lehen eraso militarra izan zen balentria hura. Hastekoa zen Gerra Handiaren atariko frogak ziren.
Datu bakar batek erakusten du 1914 eta 1918 arteko Europako gerran aireko industriak izan zuen garapena: gerra hastean, Erresuma Batuak 110 hegazkin zituen; amaitzerako, bazituen 23.000. Espainiak Marokon airez egindako erasoek inor hil ote zuten ez da ezagutzen; beraz, uste da Alemaniako ejertzitoa izan zela aireko eraso batean zibilak hil zituen lehena. 1915eko urtarrilaren 19an izan zen, Erresuma Batuaren kontrako eraso batean. Zeppelin batetik, Great Yarmouth, Sheringham eta King's Lynn bonbardatu, eta lau zibil hil zituzten. Esan ohi da populazio zibila ez zela, artean, aireko erasoen helburu, baina teknologia eskasak istripuak eragiten zituen. Gerraren bost urteetan, alemanek 1.400 bat pertsona —gehienak zibilak— hil zituzten Erresuma Batuan airez eginiko erasoetan. Aliatuek Alemanian eginikoetan, berriz, 1.200 bat herritar hil ziren 1918an bakarrik.
Gerra Handiko irakasgaiak baliagarri egin zitzaizkien militarrei, kolonietako altxamenduak zapaltzeko. Erresuma Batuak Somalilanden altxatutakoak zapaltzeko erabili zituen aireko erasoak. 1920ko urtarrilean, esaterako, Taleeh bonbardatu zuten airez eta lurrez. Iraken eta Kurdistanen ere erabili zituen aireko erasoak Erresuma Batuak.
Gerra kimikoaren aitzindari
Espainiako armadak laster jarriko zuen beste itu bat aireko erasoen historian: populazio zibila gas pozoitsuarekin bonbardatu zuen lehen armada izan zen. Marokon izan ziren eraso haiek ere, Rifeko herritarren aurka, 1921 eta 1927 artean. Ziape gasa (iperita) erabili zuen Espainiak. Horretarako, Versaillesko Itunaren bizkar, Alemaniarekin tratua egin, eta arma kimikoak ekoizteko laborategi bat eraiki zuen Madrilen. Fabrica Alfonso XIII izena jarri zioten, gerora La Marañosa izena hartuko zuena. Gaur egunean Espainiako Defentsa Ministerioa da jabea, eta lanean jarraitzen du, kimika arloko armagintza ikerkuntzari loturik besteak beste. ERC alderdiak eraso haiek aitortzea eta barkamena eskatzea galdegin zuen Espainiako Kongresuan, 2007an. PSOEk eta PPk mozioari bidea itxi zioten. Espainiak ez ditu eraso haiek aitortu. Ukatu ere ez. Espainia ez zen bakarra izan, ordea. Italiak, Etiopiaren kontrako gerran, aireko erasoak eta ziape gasa erabili zituen populazio zibilaren aurka. 1936ko martxoan, adibidez, Harar eta Jijiga bonbardatu zituzten airez, eta guztiz txikitu.
Espainiako ejertzitoaren eta Mohamed Abdelkrimen Rifeko errepublikaren arteko gerra 1927an bukatu zen. Espainiarrek menperatu zituzten kabiliarrak, Frantziaren laguntzarekin. Alfredo Kindelan eta Francisco Franco moroen kontrako gerra hartan trebatu ziren, gero basakeria berarekin etxeko etsaiaren aurka ekiteko. Otxandion, Bizkaian, segituan sentitu zuten 1936ko gerrak ekarriko zuena. Guda lehertu eta lau egunera, uztailaren 22an, hegazkinek bonbardatu zuten herria. Jaiak ziren, eta erasoak 57 pertsona utzi zeuzkan hilda plazan. Euskal Herrian ezagutu zen lehenbiziko aireko erasoa izan zen.
Europan atzeragoardiako hiri handi baten kontra egin zen lehen aire erasoa, halere, Madrilen suertatu zen, 1936ko azaroan. Ordurako ohikoa ere bazen hegazkinek bonbak jaurtitzea. 1936ko abuztuan gerrako frontea Gipuzkoan zegoen, eta aireplano alemaniar eta italiarrek bertan hasi zituzten lehen aire erasoak: abuztu-irailetan, Hernani, Lasarte, Irun, Donostia, Errenteria, Pasai Donibane, Lezo eta Eibarren jaurti zituzten bonbaren batzuk. Artean, ez ziren eraso indiskriminatuak, nahiz dozenaka hildako eragin, ez denak zibilak.
Frankistek irail erdirako menpean zuten Gipuzkoa gehiena, eta gerrako frontea Kalamuan, Intxortan eta Otxandion finkatu zen, Bizkaiko mugan. Orduan, barrurago sartzen hasi ziren italiarren eta alemaniarren hegazkinak, eta Durango bonbardatu zuten 1936ko irailaren 25ean. Urriaren 24an, azaroaren 2an eta 1937ko urtarril hasieran Bilbo bonbardatu zuten. Baina okerrena iristeko zegoen.
Kolonietako laborategietan probatzen aritutako metodoak indar guztiz erabili zituzten italiarrek Durangoren kontrako erasoan (1937ko martxoaren 31n) eta alemaniarrek eta italiarrek Gernikaren kontrakoan (1937ko apirilaren 26an). Durangon, Italiako Aviazione Legionariak ia 15.000 kilo lehergai bota zituen, eta gutxienez 336 pertsona hil. Elorrio eta inguruko beste herri batzuk ere bonbardatu zituen. Nazioen Elkarteak 1932an populazio zibilaren kontrako aire erasoak «guztiz» debekatzeak ez zuen askorik balio izan. Claude G. BowersAEBetako kontsulak honela ikusi zuen Durangoko bonbardaketa: «Populazio zuriaren kontra ezagutzen den bonbardaketarik izugarriena». Laster motz utziko zuen Gernikakoak.
Apirilaren 25ean Eibar bonbardatu zuten hegazkinek, eta guztiz birrinduta utzi zuten, Indalecio Ojanguren argazkilariak jaso zituen argazkietan ikus daitekeenez. Eta, hurrengo egunean, astelehen arratsaldean, Gernikara irten ziren. Aireplano aleman eta italiarrek 50.000 kilo lehergai bota zituzten Gernika gainean, Durangoko erasoan halako hiru; sua eragiteko askoz lehergailu gehiago ere erabili zituzten, eta etxeen hiru laurdenak suntsitu. Hildakoez ez da datu zehatzik; iturrien arabera, 600 eta 1.500 artean hil zirela aipatzen da. Wolfram von Richthofen Luftwaffeko (Kondor Legioko) koronel alemanak bere egunerokoan idatzi zuen: «250eko gure lehergailuen arrakasta teknikoa erabatekoa izan da [...]. Gainontzean, bakea Gernikan».
Hilabete gutxian eroriko zen Bizkaia. Eta alemanek eta italiarrek beren entrenamenduarekin jarraitu zuten beste hiri batzuetan. Bartzelonari, esaterako, hiru egunez jarraian eraso egin zioten, 1938ko martxoaren 16tik 18ra. Uste da Bartzelonako bonbardaketetan 5.000 zibil hil zirela guztira.
«Arrakasta» aplikatzen
1936ko gerra bukatu orduko, Alemaniak Polonia inbaditu zuen, eta zenbait hiri bonbardatu, Varsovia, Franpol eta Wielun, esaterako. 1940ko maiatzaren 14an Herbehereetan eraso gaitza egin zuen Alemaniak, Rotterdam guztiz suntsituz. Parisi ere eraso egin zion. Gernikako «arrakasta» aplikatzen ari zen Luftwaffe. Londres urte hartako abuztuaren 15ean bonbardatu zuten; Coventry, Birmingham, Manchester, Belfast eta beste asko etorri ziren atzetik; 60.000 zibil baino gehiago hil zituen eraso haietan. Baina Erresuma Batua ez zen atzera gelditu. Alemaniako hiriak bonbardatzeari ekin zion, alemanei ikasi bezalaxe. Erasoari erantzuna eta erantzunari erasoa, gogortzen joan ziren aireko bonbardaketak. 1939 eta 1945 artean, Erresuma Batuek 965.000 tona lehergailu boteak zituzten Alemania gainean, eta 600.000 zibil inguru hil zituztela uste da.
Euskal Herrian beste bonbardaketa gaitz bat gertatu zen urte haietan. AEBak 1941eko abenduan sartu ziren Bigarren Mundu Gerran, eta ordutik aurrera sarri bonbardatu zuten Alemania. Alemaniarren esku gelditu ziren Frantziako zatiak ere bai. Baita Lapurdi ere. 1944ko martxoaren 27an, Miarritze eta Angelu gainean egin zuten erasoa AEBen Liberator hegazkinek, eta 150 bat zibil hil zituzten.
Japonia ere bonbardatu zuten iparramerikarrek, 1944tik aurrera. Urtebete eskasean, Japoniako ehun bat herriri airez eraso eta milioi bat pertsona hil zituzten. Tartean, aireko inoizko eraso bortitzena egin zuten AEBek: Hiroshima eta Nagasakiren kontrako eraso nuklearra. Bigarren Mundu Gerran iparramerikarren bonbardaketak sufritzea egokitu zitzaien japoniarrei, baina Japoniak maiz bonbardatu zituen Txinako hiriak 1931 eta 1937 artean, Shangai, Pekin eta Tianjin, besteak beste. Bigarren Mundu Gerran ere Txinako hiriak bonbardatzen jarraitu zuen Japoniak. Aireko erasoak, ordurako, ez ziren armada baten edo bestearen ondasun; populazio zibila hil eta atzeragoardia suntsitzea teknika militarra ziren dagoeneko.
Hiroshiman eta Nagasakin bi bonba nuklear botatzearekin goia jo zuten aireko eraso indiskriminatuek. Baina militarrek ez zioten utzi, horregatik, teknika hori erabiltzeari. AEBek Ameriketan eta Vietnamen erabiltzen jarraitu zuten. Vietnamen, gainera, arma kimikoekin bonbardatu zituzten herritarrak eta basoak, napalmarekin eta agente laranjarekin —lehenago ere, 1950eko hamarkadan, Marokok napalma erabili zuen Rifena—.
Gerora ere, urteak igaro arren, militarrek ez dute etsi airearen domeinua eskuratzeko tentaldian, eta erasoak eta teknologiak sofistikatzen jarraitu dute; piloturik gabeko hegazkin bonbardatzaileak dira garapen horren azken erakusgarrietako bat. Aireko bonbardaketak hasi eta ehun urtera, oraindik, zibilak bonbardatzen jarraitzen dute militarrek; Kosovon, Libian, Iraken, Txetxenian, Sirian... Oraindik, berritu egiten da Gernikako sua.
Artikulu osoa irakurri eta argazki gehiago ikusteko:
www.berria.info
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena
Berun trumoiak, odola ekaitz
Espainiako armadak egin zuen lehen aireko eraso militarra, 1913an. 1936ko gerra, berriz, probalekutzat hartu zuten Alemaniak eta Italiak. Harrezkero, etenik gabe erabili dira aireko erasoak populazio zibilaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu