Beskoitzeko ikastolako gurasoek euskaltzaleen babesa jaso dute

2.500 pertsona elkartu dira Beskoitzeko Herriko Etxeak ikastolari egiten dion jazarpena salatzeko. Hamar urte prefabrikatuetan pasatu ondoren, eraikin sendo bat nahi dute, baina baldintza «arbitrarioak» inposatzen dizkiete.

Beskoitzeko ikastolaren aldeko manifestazioa
Jende andana Beskoitzen, ikastolaren alde antolatutako mobilizazioan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Beskoitze
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Joaldunak deiadar egiten, eta oihu bat, behin eta berriz errepikatua: «Ikastola herri eskola». Euskal Herri osotik etorritako 2.500 pertsona elkartu ziren atzo Beskoitzen (Lapurdi), herriko etxeak ikastolari ezartzen dizkion oztopoak salatzeko. Manifestazioa egin zuten herriko karriketan, eta afixa bat kolatu zuten herriko etxearen atean, entzungor egiten dien agintariari keinu gisa.

Bada hilabeteak Fabienne Aiensa auzapezaren taldeak elkarrizketa oro ukatzen diola Seaskari; atzo, ozen entzun zen herrian ikastolaren aldeko aldarria. «Elkorrarena egiten segi dezakete, baina guk aterabide bat atzeman arte lanean segituko dugu», adierazi zuen Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

Duela hamar urte sortu zen ikastola Beskoitzen, Pirinio Atlantikoetako prefeturak ezarri nahi izan zizkien oztopoen gainetik. Hasieran guraso baten etxean, ondoren lur publiko batean ezarritako prefabrikatuetan; pixkanaka egin du bidea, 52 ikasle izatera iristeraino. Orain, eraiki sendo batera iragan nahiko lukete, baina herriko etxeak eraikitzeko baimena ukatu die.

Baldintza «arbitrarioak» inposatzen dizkietela salatu dute maiz Seaskak eta guraoek: herriko etxeak eskatzen diena beteko balute, gaur egun duten eremu txikian sartu beharko lituzkete ikasgela, jantokia, kanpoko eremua eta aparkalekua. Ezinezkoa dela errepikatu dute behin baino gehiagotan.

«Haurrak prefabrikatuetan nahi dituzte, ikastola ez dadin garatu, euskararik eta ikastolarik ez baitute nahi. Eta gainerako guzia aitzakiak besterik ez dira».

PEIO JORAJURIASeaskako lehendakaria

«Beste herrietan herriko etxeek lagundu gaituzte aterabideak atzematen. Hemen, ez gaituzte laguntzen eta gainera trabak ezartzen dizkigute», deitoratu zuen Jorajuriak. «Haurrak prefabrikatuetan nahi dituzte, ikastola ez dadin garatu [...], euskararik eta ikastolarik ez baitute nahi. Eta gainerako guzia aitzakiak besterik ez dira».

Gurasoak ere mintzatu ziren mobilizazio bukaeran, bizi dutenaren lekukotasuna emanez: «Onartuak izan gara, zoko batean mugaturik. Baina gure beharrak handitu direlarik, gure haurren baldintzak hobetu nahi izan ditugularik, orduan, buru belarri egin dute horren kontra», salatu zuen Julen Jauregik.

Azken hamar urteetan «eguneroko diskriminazioak» jasan dituztela deitoratu zuen. «Non ikusten da herriko etxe bat jantokira joateko eskola bati kuotak ezartzen dizkiona? Non ikusten da herriko etxe bat, jantoki erdi huts batean haur bat errefusatzen duena?». Auzapezaren eta bere taldearen «mespretxua» eta «argudio faltsuak» gaitzetsi zituen, eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiei dei egin zien bitartekaritza lana egin dezaten, «gure haurrak ez uzteko urte bat gehiago horrelako egoera batean».

Erasoak non, ikastolak han

Euskal Herri osoko euskaltzaleak elkartu ziren Beskoitzeko ikastolako gurasoei babesa erakusteko, eta berotasun hori eskertu zuten gurasoek. «Argi entzun dezatela agintariek: euskara eta ikastola erasotuak izanen diren tokian, han egonen gara», egin zuen aldarri Nekane Artola ikastolen elkarteko lehendakariak.

Gurasoen jarrera goraipatu zuen Jorajuriak ere: «Jadanik, ikastola txiki bat biziaraztea lan handia baldin bada, zer erranik ez, herriko etxeak trabak ezartzen dituelarik», azaldu zuen. «Eguneroko lanei gehitu zaizkie bilkurak, prentsaurrekoak, elkarretaratzeak, banderolak, informazio orriak etxez etxe banatzea... sekulako lana egin duzue», aitortu zien. «Gure haurrek merezi baitute, euskarak merezi baitu, ikastolaren alde borrokatzen segituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.