Beskoitzeko ikastolari baimena eman diote, eta auzapezak dimititu egin du

Gaur egun dituen lurrak urtebete gehiago erabiltzeko baimena onartu dio herriko etxeak ikastolari. Hauteskundeetara deitu beharko du prefetak, eta auzapez berria izendatu beharko dute.

Beskoitzeko herriko kontseiluaren bilera, gaur. Erdian, Fabienne Aiensa auzapeza. BERRIA
Beskoitzeko herriko kontseiluaren bilera, gaur. Erdian, Fabienne Aiensa auzapeza. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Beskoitze
2024ko martxoaren 18a
23:10
Entzun

Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolari baimena emango diote gaur egun dituen lurrak beste urtebetean erabili ahal izateko. Hala erabaki du herriko kontseiluaren gehiengoak, eta Seaskari eta ikastolako gurasoei hitzarmen berri bat aurkeztuko dietela erran dute. Erabakia hartu eta berehala, Fabienne Aiensa auzapezak iragarri du dimisioa aurkeztu diola Pirinio Atlantikoetako prefetari. Hauteskundeak deitu beharko dituzte, eta auzapez berri bat izendatu. 

Abenduaren 18ko herriko kontseiluan, orain arte eskura izan zituzten lurrak erabiltzeko baimenik gabe utzi zuten ikastola. Orain, urtebeteko arnasa izanen du. Herriko kontseiluan proposatutako ebazpenaren arabera, 2025eko uztaila arteko epean gaur egun dituzten lurrak erabiltzea baimenduko dien hitzarmena aurkeztuko diote ikastolari. Orain arte bezala, 355 euroko alokairua izanen dute, urte guzirako. Ikastolarekin abiatutako gatazkari bukaera emateko borondatea aipatu zuen Aiensa auzapezak ebazpena aurkezteko momentuan. Hamabi hautetsik babestu dute erabakia, lau agertu dira kontra, eta bat abstenitu egin da. 

Baikor agertu da Julen Jauregi ikastolako gurasoa herriko etxearen erabakiarekin, baina hitzarmena ezagutu arte zuhurtziaz egonen direla erran du: «ikus eta sinets». Azken asteetan, bilkura bat baino gehiago izan dituzte ikastolako gurasoek hainbat hautetsirekin, eta horien ondorioa da herriko etxearen erabakia. «Ikusi dugu hamabi boto izan direla gure alde, bada zerbait. Baina ikusi nahi dugu zer baden hitzarmenean». Beraien haurren geroa segurtatzeari eman zion lehentasuna, eta horretarako hautetsiekin elkarrizketan segitzeko beharra azpimarratu zuen. 

Orain dela bi urte lehertu zen herriko etxea eta ikastolaren arteko gatazka. 2013tik prefabrikatuetan den eskolari eraikin sendo bat emateko proiektua aurkeztu zuen Seaskak, baina eraikitzeko baimena ukatu zion herriko etxeak. Aiensa buru zuen hautetsi taldeak aurkeztu dituzten proiektu guziak errefusatu dizkiela salatu dute maiz gurasoek, eta ikastola haur kopurua mugatu nahi duelako oztopoak ematea leporatu diote. Gorabehera eta tentsio anitz izan dira, bi aldeen arteko elkarrizketa erabat mozteraino. 

Hauteskundeak laster

Ikastolari buruzko erabakia ez da izan gaueko sorpresa bakarra. Prefetari dimisioa aurkeztu diola iragarri du Aiensa auzapezak, bere osasun egoera eta azken hilabeteetan jasandako presioa aipatuta. Azken hilabeteetan, beste hiru hautetsik ere dimititu dute ikastolaren aferaren ondorioz. 

Horiek horrela, hauteskunde partzialak egiteko data jarri beharko du prefeturak; baina dimisio gehiago izanen balitz, posible da hauteskunde orokorrak ere izatea. Edozein gisaz, auzapez berria izanen du Beskoitzek. «Badu hemezortzi urte hemen naizela. Aurkeztu ginenean bakarrik ginen. Kritikatzeko hor izan direnek har dezatela erreleboa nahi badute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.