Gamesa, Enhol, MTorres eta Acciona enpresek, besteak beste, Nafarroan beste 22 zentral eoliko egiteko nahiaren berri eman diote Nafarroako Gobernuari. Faltzes, Tutera, Cortes, Caparroso eta Elizagorria udalerrietan bina zentral jartzeko eskaria egin dute, eta Tafalla, Oteitza, Viana, Santsol, Ablitas, Cascante, Cabanillas, Los Arcos, Mendabia, San Adrian eta Azagra, Andosilla eta Funes udalerrietan, berriz, bana.
Udalerri horietan zentral eolikoak egiteko asmoa baino ez dute jakinarazi enpresek, egitasmotan gehiegi sakondu gabe. Proposamen horiek hainbat elkartetara igorri ditu Nafarroako Gobernuak, zuzenketak aurkezteko. Gurelur talde ekologista da zentral eoliko proposamen horiek jaso dituen elkarteetako bat, eta dagoeneko zuzenketak egin dizkie gehienei. «Dagoeneko ez dute beldur txikiena ere, babestutako guneetan ere errotak jartzea proposatzen dutelako», azaldu du Toño Munilla Gurelurreko kideak, eta proposamen guztien kontrako jarrera berretsi du.
Nafarroako Gobernuak 1996. urtean dekretu bat onartu zuen zentral eoliko gehiago jar ez zitezen. Ordura arte egindako zentral guztiak eta aurreikusita zeudenak aski zirelakoan hartu zuen erabakia. Zentral gehiago egon beharrean, eginda zeudenak berritzearen alde agertu zen, horien argindar ekoizpena handituz. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek, ordea, errota gehiago ez jartzeko debekua bertan behera utzi zuen geroago, Alloko Udalak jarritako helegitearen ondorioz. Aipatu dekretuak Sopeña inguruan zentral eolikoa egitea galarazten zion, hain zuzen ere.
Epaiaren arabera, Nafarroako Gobernuaren dekretua «enpresa askatasunaren neurri murriztatzaileegia» zen, «gutxieneko lege estaldura barkaezina duena». Dena den, Nafarroako Gobernuak parke eolikoen jartzea arautzeko eskumena duela berresten zuen epaiak. Hau da, enpresek egitasmoak aurkezteko askatasuna duten arren, Gobernuko Ingurumen Departamentuak atzera bota ditzake, baldintzak betetzen ez badituzte.
Toño Munilla Gurelur talde ekologistako idazkari nagusiaren ustez, azpimarratu beharreko alorra da hori. 1996. urteko dekretua arrazoitzeko zientziarekin lotutako argudioak ematen ziren, argudio teknikoak eta naturaren zaintzarekin lotutakoak. «Argudio horiek ez dute zilegitasunik galdu azken hamalau urteetan; are gehiago, zentral eolikoak jartzeko baldintzak are handiagoak dira gaur egun».
Undaren agerraldi eskaera
Nafarroan zentral eoliko berriak egiteko egitasmoak sortu bitartean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egitasmoen izapideak aurrera jarraitzen dute, Eusko Legebiltzarraren nahien aurka. Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak aho batez eskatu zion Eusko Jaurlaritzari egitasmo horien izapideak gelditzeko, eta Jaurlaritzak Legebiltzarraren eskaria aintzat hartuko zuela jakinarazi zuen, Energia Eolikoaren Lurralde Sektore Planaaztertu bitartean. BERRIAk jakinarazi berri duen bezala, ordea, egitasmo batzuk aurrera doaz, Adarra-Mandoegiko parke eolikoa kasu.
Horren harira, Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak azalpenak eskatu dizkio Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuari. «Larria litzateke osoko bilkurak aho batez onartu zuena kontuan ez hartzea», nabarmendu du.
Beste 22 zentral eoliko egitea proposatu dute Nafarroan
Errota gehiago eraikitzea galarazten zuen dekretua indargabetuta dago 2007. urtetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu