PCR probaren bidez, beste 23 COVID-19 kasu baieztatu dituzte Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak: hemezortzi Nafarroan, lau Bizkaian, eta bat Gipuzkoan, astebete inor kutsatu gabe igaro ondoren. PCR probetako eta test serologikoetako positibo guztiak batuta, 28.976 kasu daude Euskal Herrian.
Ospitaleratuei dagokionez, koronabirusa duten 352 pertsona daude erietxean —atzo baino hamasei gutxiago—, horietako 39 zainketa intentsiboetako unitatean —bezperan baino bat gehiago—.
Gainera, beste hiru pertsona hil dira COVID-19ak jota. Eusko Jaurlaritzak ez du azaltzen zein lurraldetakoak diren hildakoak, eta Nafarroako Gobernuak esan du hildako bakarra izan dela bertan. Guztira, COVID-19a zuten 2.037 pertsona hil dira Euskal Herrian.