Beste 505 positibo izan dira Hego Euskal Herrian

COVID-19a zuten zazpi pertsona hil dira azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Probak egingo dizkiete Nafarroako egoiliar guztiei irailean.

PCR probak egin dizkiete Donostiako Ramuntxo Berri tabernan izandakoei. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko abuztuaren 12a
12:38
Entzun

Atzo baino ia berrehun kasu gehiago atzeman dituzte azken orduetan Hego Euskal Herrian: 505. Gorabeheratsuak izaten ari dira azken asteak positiboei dagokienez; atzo, kasuak urritu egin ziren herrialde guztietan, eta gaur, berriz, gora egin dute. Halaber, egin diren PCR kopuruak ere gehiago izan dira azken orduetan: 9.153 test egin dituzte, atzo baino ia 3.000 gehiago. Bizkaian, 229 kasuren berri eman dute; Nafarroan, 142 positibo atzeman dituzte; Araban, 72 kasu izan dira; eta Gipuzkoan, 53. Jaurlaritzak jakinarazi du erkidegotik kanpo bederatzi positibo detektatu dituzte.

Ospitaleratzeen datuak igotzen ari dira egunez egun: 26 pertsona sartu dira Hegoaldeko erietxeetan gaitzaren ondorioz azken orduetan, atzo baino hiru gehiago, eta hamabost pertsona zaintza intentsiboetako unitateetan daude. Oraintxe, beraz, 168 eri daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Halaber, beste datu bat ere jakinarazi du Jaurlaritzako Osasun Sailak: abuztuaren 3tik 9ra COVID-19a zuten zazpi pertsona hil dira; horietako bost, gaitzaren ondorio zuzenengatik.

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak, gaur eginiko prentsaurrekoan, azaldu du nolakoa izan den azken asteetan Nafarroan izandako kasuen bilakaera: uztaileko agerraldi bortitzen ostean, abuztuko lehen astean baretu egin zen egoera zertxobait; iragan astean, ordea, 650 kasuak gainditu ziren berriro ere, eta azken egunak bide beretik doaz.

Uda "zaila eta konplexua" izaten ari dela adierazi du kontseilariak, eta onartu du inork ez zituela halako datuak espero garai hauetan: "Garai hauek osasun langileek atseden hartzeko eta normaltasun berrira itzultzeko izan behar ziren, baina ez da hala izan".  Horregatik, gizarte guztiaren inplikazioa eskatu du, eta lan kolektiboaren garrantzia nabarmendu du.  

Kutsatzeen bilakaera eteteko hiru ardatz ezinbesteko aipatu ditu Santosek. Kutsatzeak eragoztea da lehen urratsa; ezinbestekoa da horretarako prebentzioa, eta babes neurriak hartzea. Harremanak murrizteko eskatu du kontseilariak: "Ezin ditugu lehen egiten genituen gauza berak egin, ezta modu berean ere; eta ezin gara lehen egoten ginen jende kopuru berarekin egon". Carlos Artungo Osasun Saileko zuzendari nagusiak ere behin eta berriz eskatu die herritarrei inoiz baino arduratsuago izateko, eta kontuan izateko une oroharremana dugun edozein kutsaturik egon daitekeela.

Kasuak ahalik eta azkarrena atzematea da, Santosen esanetan, beste gakoetako bat. Horretarako, Nafarroako Osasun Sailak indartu egingo du aztarnarien lantaldea datorren astean, kuantitatiboki ez ezik baita "kualitatiboki" ere. Une oro lanean ari diren aztarnarien lantaldean 54 lagun ere izango dira, eta, gainera, 100 bat langile gehiago daude behar denetan jarraipenak egiteko. Berrikuntza nagusia, gizarte langileak izango dira. Orain arte, erizainak eta osasun langileak aritu dira jarraipen horiek egiten, baina aurrerantzean gizarte langileak ere lan taldean sartuko direla iragarri du kontseilariak.

Ospitaleetarako kontingentzia planak dira Nafarroako Osasun Sailaren esanetan, hirugarren ardatz nagusia. Osasun sisteman "tentsioan" dago oraintxe, baina "prest" dago ospitaleratzeen igoera baterako. Era berean, kontingentzia plan bat prestatzen ari dira udazkenean etor daitekeenari begira. 

Osasun Sailak beste erabaki bat ere iragarri du prentsaurrekoan: irail hasieran PCR probak egiten hasiko zaizkie Nafarroako egoiliar guztiei, baina, PCR probak ez ezik, immunitate probak ere egingo dizkiete.  

50 agerraldi aktibo Nafarroan

Udako agerraldiak hasi zirenetik, 88 oldarraldi atzeman dituzte guztira Nafarroan, eta horietako 50 daude aktibo oraintxe. Agerraldiak aktibo izateari uzten dio hamalau egun igarotzen direnean inor kutsatu gabe. Agerraldi gehienak familia inguruan eta jarduera sozialetan aurkitu dituzte, baina baita lan arloan ere.

Agerraldi gehienak kutsatze kopuru murritzekoak dira, hamar kasutik beherakoak. Hiru agerraldi daude hogei positibotik gorakoak, eta agerraldi bat dago 200 kasutik gora dituena: Iruñeko aisialdi giroarekin lotuta detektatutakoa da.

Agerraldiak daudenetan tokian tokiko neurriak hartuko direla azaldu du Osasun Sailak. Azken astean, esaterako, neurri bereziak ezarri dituzte Murillo el Fruto eta Zarrakaztelu inguruan, agerraldi bat atzeman ostean; eta neurri zehatzak hartzen ari da Nafarroako Gobernua, Tuterako alkatearekin batera. Izan ere, inguru horretako intzidentzia maila igo egin da egunotan. Neurriok "luze gabe" ezartzea da asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.