Koronabirusa

Beste 703 koronabirus kasu atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken asteko positibo kopururik handiena erregistratu zuten herenegun Hegoaldean egindako testetan: 703 atzeman zituzten, bezperan baino 169 gehiago, alegia. Hala eta guztiz ere, kontuan hartzekoa da egun bakarrean egindako test kopuruak izandako gorakada, horrek baldintzatu egin baitezake detektatutako positibo kopuruan. Guztira, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, COVID-19a atzemateko 12.565 proba egin zituzten ostegunean Osasunbideak eta Osakidetzak; bezperan baino 4.000 gehiago.

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, ostegunean egindako testen %5,6k eman zuten positibo Hego Euskal Herrian. Hori horrela, portzentajea apalagoa izan zen asteazkeneko probetan izandakoaren aldean. Hartan, %6tik gorakoa izan zen ehunekoa. OME Osasunaren Munduko Erakundeak %5 ean du ezarria izurritea kontrolpean hartzen hasi ahal izateko muga.

Kutsatuen datuei dagokienez, lurraldez lurralde, Gipuzkoan atzeman zuten kasu gehien ostegunean: 243. Hain zuzen ere, herrialde horretan izan zen nabarmenena gorakada, bezperan baino 108 kasu positibo gehiago zenbatu baitzituen Osakidetzak han. Halaber, Bizkaian 230 atzeman zituzten herenegungo probetan, asteazkenean egindakoetan baino hogei gehiago. Araban, aldiz, 122 kasu izan ziren, bezperan baino 23 gehiago, eta Nafarroan, berriz, 106 positibo zenbatu zituen Osasunbideak, hau da, asteazkenean baino hemezortzi gehiago. Hala, foru erkidegoan eten egin zen azken bost egunetan izandako joera. Herenegun egindako probetan gainditu da estreinakoz ehun positiboen langa. Halaber, gobernuak jakinarazi zuenez, birusarekin eri zen pertsona bat zendu zen herenegun f; 66 urteko emakumezko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.