Koronabirus kasu berriek behera egin dute azken orduetan. 746 kasuren berri eman dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, bezperan baino 75 gutxiago. Jaurlaritzak ohar batean eman du kutsatuen berri. Jakinarazi duenez, atzo 6.579 PCR proba egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 593 izan ziren positiboak.
Bizkaia da beste behin gaitzak gogorren jo duen herrialdea: 348 kasu atzeman dituzte bertan. Hala ere, bezperako datuekin alderatuta, 83 kasu gutxiago izan dira herrialde horretan. Araban, berriz, bezperan baino bi positibo gehiago daude: 126. Gipuzkoan, bestalde, behera egin dute positiboek, eta 113 kasu atzeman dituzte. Erkidegotik kanpo bizi diren 23 kasu ere atzeman ditu Jaurlaritzak. Nafarroan, berriz, hazi egin da kutsatu berrien kopurua: 153 izan dira, bezperan baino 56 gehiago.
Ospitaleratzeen ugaritzeak ere ez du etenik: 35 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, bezperan baino 23 gutxiago. Eta guztira, 23 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan.
Bizkaiko zahar etxeetan, lehen heriotzak
Erietxeez gain, zahar etxeak ere arretagune dira, haietan gaitzak zabaltzen jarraitzen baitu. Hain justu, Bizkaiko zahar etxeetako bi egoiliar zendu egin direla jakinarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Koronabirusaren bigarren kolpe honetan zahar etxeetan izandako lehen heriotzak dira horiek. Hildako pertsona bat ospitalean zegoen, eta bestea, Birjinetxeko unitate berezian. Biek ala biek bestelako patologiak zituztela jakinarazi du diputazioak ohar batean.
Horrez gain, Barrikako (Bizkaia) Elorduy zahar etxean «agerraldi bat» atzeman du aldundiak. Bertako bi egoiliarrek positibo eman eta gero, PCR probak egin zaizkie 67 egoiliarrei eta 39 langileei, eta horietatik 35 positibo izan dira. Positibo eman dutenen artean, 31 egoiliarrak dira, eta beste lau, langileak. Egoiliar gehienek (27) ez dute sintomarik.
Barrikako agerraldiaz landa, kasu positiboak dituzten beste hiru zahar etxe daude Bizkaian: Truiundo-Zamudio (26 kasu), IMQ Igurco Zorrozgoiti-Bilbao (28 kasu) eta Miranda Fundazioa (kasu bat).