Emazte bat, bere autoan, Baionako aparkaleku batean egunkari baten irakurtzen ari da. Atxiloketen berri ematen duten orriak dira. Irratiek luze eta zabal aipatzen dute polizia operazioa. Tabernako terrazan, kafe baten inguruan, ez da bertzerik komentatzen. Sakelako telefonoaren tirrinak norbait xehetasun galdez ari delako jotzen du. «Bada berriagorik? Zenbat atxilotu dira zehazki? Nor atxilotu dute Beskoitzen? Izan da atxiloketarik Bidarrain?»
Mugimendu abertzalean dabilen jendearen zati handi bat inarrosia da. ETArekin kritiko diren anitzek ere penaz hartu dute Mikel Albisu eta Soledad Iparragirreren atxiloketaren berria, are gehiago honekin loturik bertze atxiloketa ugari gertatu delako. Pena, «hainbertze urtez ihesean zebiltzanak harrapatu dituztelako». Mikel Antza «mito» bat bihurtua zela dioenik ere bada. Abertzale politizatuenak kezkaturik daude, «ETA ahuldua izateak ez duelako Euskal Herriko prozesua lagunduko».Jende xeheak Ðabertzale batzuek eta abertzale ez diren askokÐ ironiaz hartu du «ETAko buruzagiaren» atxiloketaren berria. «Buru bat gehiago. Bertze bat. Beti buruak atxilotzen dituzte», diote, atxiloketari garrantzia kentzen diotela erakutsiz. Anitzek ez dakite nor den Mikel Albisu. Ez dakite Soledad Iparragirre 1980tik zebilela ihesean.Denek badakite, ordea, Peio Serbielle nor den. «Peio Serbielle? Ez dira izenez nahasi?». Batzuek ez dezakete sinets Peio Serbielle ETAren aurkako operazio batean atxilotua izan dela. Bertze batzuei ez zaie hain harrigarria iruditzen. Atxiloketa horrek solaserako gaia ematen du.Hendaian Robert Arranbideren atxiloketa dute aipu gehien bat. Zinegotzi abertzale ohiaren auzoan ez dira gehiegi asaldatu. «Gaur goizean postaria ez dute utzi Arranbideren etxe ingurura joaten». Arranbideren bizilagunek ez dutela gutunik jasoko komentatu da, deus baino gehiago. «Ezin da hurbildu Sagardia etxe multzora». Etxe multzo hartan bizi da Arranbide. Etxe bat badu bertan. Bidexka batetik igo behar da. Zola batean da, ez da ongi ageri kanpotik. Erraza da asmatzea non den. Bide juntan polizia batzuk daude. RGetako arduraduna telefonoz ari da. Etxe miaketak aitzina jarraitzen duelako seinale.
CRSak eta telebista kamarak mendian
Etxe miaketak aitzina jarraitzen du Urruñan ere, Lourdes Urdanpileta eta Peio Alkantarillaren etxean. Ez litzateke erraza etxearen aurkitzea, bide bazterrean ez balego CRSen furgonetarik. Etxea auzo bakartu batean dago, bide hertsietan barrena joaten da hara, Biriatuko ordainlekutik gora. Mendixkaz inguratua den auzoan dago zuhaitzek gordetzen duten etxe hori. Polizien auto andana dago etxe inguruan. Eta urrunago den bidexka batean telebista kamera batzuk daude aterki baten babespean, eguzkiak azkar jotzen baitu. «Luxuzko etxea» dela aipatzen da, «berriki eraikia».
Atxilotu anitzen bizilagunak harriturik daude. Miguel Negreteren ondoan bizi den gizon bat bezala. «Banekien euskaldunen aldekoa zela, baina ez nuen erranen ETAkoa zenikÉ» Harridura ere bai Aiherrako Oxarango familia ezagutzen duten batzuentzat, ez baitzuten uste semea militantea izan zitekeenik. Eta ETAri gordeleku bat eskaintzeko beldurra ere sortu da batzuen baitan. Poliziek gordeleku «hoberena» ere aurkitzen dutelako sentsazioa, alegia.
POLIZIA OPERAZIOA IPAR EUSKAL HERRIAN ETA BIARNON. ETA
«Beste bat! Beti buruak atxilotzen dituzte»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu