Memoria historikoa

Beste berrogei gorpuzkin aurkitu dituzte Urduñako espetxe frankistan

Gogora Institutuak harremana du 36 familiarekin, eta horietatik hamazazpik eman dute DNA lagina dagoeneko.

Frankismoaren biktimei egindako omenaldi bat Urduñako hilerrian f. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2022ko abenduaren 10a
17:22
Entzun

Urduñako hilerrian (Bizkaia) aurrera jarraitzen dute asteartetik aurrera egiten ari diren lanek hango espetxe frankistan hildako biktimen gorpuzkinak berreskuratzeko. Han izan dira, gaur Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria. Egiten ari diren deshobiratzeek jarraipena ematen diote 2014an hilerri horretan bertan hasitako lanari; orduan, hamalau biktimaren gorpuzkiak erreskatatu zituzten, udalerri horretako kontzentrazio-esparruan eta ondorengo espetxean hil ziren presoak erreskatatzeko eta identifikatzen saiatzeko.

Artolazabalek esan du identifikazioeta entrega-prozesu berri bati ekingo zaiola. «Espero dugu lurpetik ateratako 40 gorpuzkin horiei egingo zaizkien proba genetikoetatik abiatuta, identifikatu ahal izatea eta beren familiakideen bila jarraitzen dutenei erantzun ahal izatea, familiaren doluaren zikloa itxi ahal izateko». Espetxe frankistako hiru biktimaren senideak ere izan dira han, gaur. Zehazki, Bernardo Rodriguez Rincon, Domingo Galindo Gonzalez eta Saturnino Frutos Rubioren senideak izan dira. Hirurak 1941eko martxoan hil ziren Urduñako espetxe zentralean eta Badajozeko Castuera espetxetik zetozen.

Hil zirenetik igarotako denborak identifikazioa zailtzen badu ere, Jaurlaritzak vfrankismoaren biktimak identifikatzeko programa bat du zabalik, Gogora Institutuaren bitartez. Institutuak kontaktua du Urduñako espetxe frankistako biktimen 36 familiarekin, eta hamazazpi DNA lagin ditu dagoeneko. Deshobiratze-lanei esker, Bizkaiko hirian dagoen espetxe frankistaren berrogei biktima aurkitu dituzte jadanik.

1941. urtekoak

Lurperatze horiei buruzko dokumentazio historikoak eta jaso ahal izan diren testigantzek adierazten dutenez, induskatutako eremuan lurperatutako gorpuzkiak 1941eko otsailetik ekainera bitartean Urduñara joandako presoenak dira. Ezaguna da, halaber, garai hartako presoak Euskaditik urrun zeuden lekuetatik zetozela; hala, Urduñan gatibu zeudela hil ziren pertsona gehienak Extremadura, Andaluzia, Gaztela-Mantxa (Espainia) eta Kataluniakoak ziren. Guztira, kalkuluen arabera, 225 pertsona hil ziren lehenengo kontzentrazio-esparru batean (1937-1939) eta gero espetxe batean (1939-1941).

2014an, Urduñako Espetxe Zentralean hil ziren hamalau pertsonaren gorpuzkiak atera zituzten lurpetik, ustez 1941eko otsaila eta ekaina bitartean. Haien gorpuzkiak ezin izan dira identifikatu oraindik, eta, beraz, Urduñan aurtengo uztailean inauguratutako Duintasunaren Kolunbarioan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.