euskal presoak

Beste bi euskal preso hurbildu dituzte Euskal Herrira

Otsailetik zazpi preso gerturatu ditu Frantziako espetxe administrazioak. Igor Uriarte Madrilen esku utzi du Parisek, eta aske geratu da. Jon Salaberria datorren asteazkenean aterako da libre.

Lannemezango espetxe atarian egindako elkarretaratze bat.
2018ko martxoaren 23a
15:26
Entzun

Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain euskal presoak Lannemezango (Okzitania) kartzelara gerturatu ditu Frantziako espetxe administrazioak, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Biak Saint Maur espetxean zeuzkaten, Euskal Herritik 680 kilometrora.

Otsailean Zigor Garro eta Julen Mendizabal euskal presoak Mont-de-Marsanera (Oktizania) hurbildu zituzten, eta duela bi aste Josu Urbieta, Raul Aduna eta Jon Salaberria. 

Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta —hala hartzen du Etxeratek—, Mont-de Marsan-234 kilometrora dago; Lannemezan, 330era.

EPPK-ko 55 kide daude Frantziako Estatuko espetxeetan.

Frantziako Justizia Ministerioak urtarrilaren erdialdean iragarri zuen gerturatzeei ekingo ziela. Euskal presoen auziaz aritzeko mahai bat osatua du Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batekin.

Igor Uriarte, aske

Igor Uriarte euskal presoa Espainiaratu egin du Parisek, Frantziako Estatuan ezarri zioten kartzela zigorra amaituta. Uriarteren aurkako euroagindua dago eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile baten bulegotik pasatu ondoren aske geratu da. Epaileak erabaki beharko du euroaginduarekin irekitako auzibidearekin zer egin. 2013an atxilotu zuten, Montpellierren, ETAko kidea zela egotzita.

Jon Salaberria presoa azkenik ez da bihar aterako libre, hasieran zabaldu den bezala, baizik eta datorren asteazkenean. Biharko datarena espetxeko akatsa izan dela diote presoaren ingurukoek. Jarrai gazte erakundeko eledun izan zen Salaberria, eta eusko legebiltzarkide ere bai, EH Euskal Herritarrok-etik. 2008an Bordelen atzeman zuten, Xabier Lopez Peña, Ainhoa Ozaeta eta Igor Suberbiolarekin batera, ETAko kidetzat jota.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.