Beste bi sexu abusu egotzi dizkiote pederastiaz akusatutako apaizari

Jean-François Sarramagnan auzipetu egin dutela jakinarazi du Baionako prokuradoreak

Besteak beste, Hiriburuko elizan aritutakoa da Sarramagnan apaiza. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2016ko uztailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Apiriletik ikerketapean da Baionako elizbarrutiko Jean-François Sarramagnan apaiza —besteak beste, Hiriburuko elizan (Lapurdi) aritua da—, pederastiagatik: iloba bati sexu abusuak egitea egotzi zioten. Bada, Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak atzo jakinarazi zuenez, beste bi salaketa gehitu zaizkio ikerketari: bi neskatori ere abusuak egitea leporatu diote. Adingabe horiei sexu erasoak egiteaz akusatu, eta auzipetu egin dute abadea. Hain justu, Baionako Instrukzio Epaitegiak bere gain hartu zuen auzia ekainean. Sarramagnan aske dago —monasterio batera bidali zuten apirilean—, baina kontrol judiziala ezarri diote.

1990eko hamarkadari dagokio abadearen aurkako lehen salaketa: garai hartan, 12 urte inguru zituen mutil bati sexu abusuak egitea leporatu diote. Hainbat hedabideren arabera, biktimaren amak jo zuen auzitara, apaizaren koinatak. Apirilean abiatu zuten kasu horri buruzko ikerketa Clermont-Ferranden (Frantzia); une hartan ebatzi zuen Marc Aillet Baionako apezpikuak Sarramagnan kargutik kentzea. Orduan prentsaren aurrean eginiko agerraldian, baina, aitortu zuen «aspalditik» zuela haren kontrako salaketen berri, baina biktimari edo haren sendiari zegokiela epaitegietara jotzea. «Ez naiz inoiz aritu abadea edo instituzioa babesten», adierazi zuen Ailletek.

Zeresana sortu zuten apezpikuaren hitzek apirilean, besteak beste, aitortu egin zuelako Sarramagnanekin ordura arte hartutako neurriak «kontserbadoreak» izan zirela. Abadea «berreraikitzen» saiatu zirela esplikatu zuen: monasterio batera eraman zutela «terapia» egitera, eta tratamendu psikologikoa jaso izan zuela —bere buruaz beste egiten saiatu zelako—.

Ailletek 2009tik zekien apaiza pederastia kasu batekin lotuta egon zitekeela. «Baina ez da gaztetxoekin harremanetan egon. Gazteen Mundu Jardunaldietara joan denean, helduekin egon da», esan zuen apirilean. Dena den, Ailleten baieztapen hori ukatu zuten zenbait hedabidek: abadea umeekin eta gazteekin ageri zen argazkiak eta idatziak badirela nabarmendu zuten.

Edonola ere, ilobarena ez da Sarramagnanen gainean izandako akusazio bakarra. Ailleten aurreko apezpikuak ere kargugabetu egin zuen, «neska gazte batekin lotutako afera batengatik».

Aurretik artxibatuta

Oraingoan, bi neskatori —ahizpa batzuk— sexu abusuak egitea leporatu diote. Bi kasuengatik ikerketapean dagoela berretsi zuen atzo Samuel Vuelta Simonek, baina ez zuen zehaztu noizkoak eta non eginak diren delituak. Haren arabera, dena den, aurretik ere ikerketapean izan zen auzi hori, baina artxibatu egin zuten. Prokuradoreak ekainaren 7an inputatu zuen apaiza, adingabeak bortxatzeagatik eta sexu erasoak egiteagatik.

Ikerketa prozesuan, besteak beste, Baionako apezpikuari hartuko diote deklarazioa, lekuko moduan. Vuelta Simonek adierazi duenez, delituak frogatuz gero, eta preskribatuta ez badaude, Aillet ere auzipetzea aztertuko dute, justizia administrazioari abusuen berri ez emateagatik eta, ondorioz, «pertsonen bizitzak arriskuan jartzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.