Hego Euskal Herrian COVID-19a zuten bost lagun hil ziren atzo, eta PCR bidez hamabi kasu atzeman zituzten —zazpi Bizkaian, hiru Nafarroan, eta bi Araban—. Test serologikoen bidez, berriz, 130 positibo baieztatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 110 Nafarroan. Denera, 1.999 dira Euskal Herrian hil diren herritarrak. Gainera, 52 lagun daude orain zainketa intentsiboko unitateetan Hego Euskal Herrian. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritza behitzat jarria da bigarren faseari begira.
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua baikor agertu da gaurko agerraldian, «jasotako datuek azken asteetako hobekuntza baieztatu dutelako». Horregatik uste du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa prest daudela normaltasunera itzultzeko bigarren fasean sartzeko: «Gaur jaso ditugun datuek baieztatzen digute gorabeherak badaudela, baina bilakaera orokorra beheranzkoa da, eta euste fase batean gaude. Datu egokiak ditugu, artatze sare bikain bat, eta kutsatze kasuak azkar atzemateko modua ematen duen jarraipen sistema bat».
Murga gaur iluntzean bilduko da Salvador Illa Espainiako Osasun ministroarekin, Jaurlaritzak Madrili bidali dion txostena aztertu eta erabaki bateratu bat hartzeko. Aurreko asteetako dinamikari jarraitzen bazaio, Espainiako Gobernuak larunbatean zehaztuko du nolakoa izango den bigarren fasea, baina Murgak gogorarazi du Jaurlaritza «murriztaileagoa» izan ohi dela pertsonak elkartzeari dagokionez: «Nahiago ditugu jende gutxiko bilerak, baina egia da asteak igaro ahala guk ere konfiantza handiagoa daukagula; ikusten ari gara oraingo neurriekin ere birusak ez duela nabarmen zirkulatzen gizartean, eta posible dela joan-etorriak areagotzea».
Osasun sailburuak luze jardun du kolektibo batzuei eta besteei egiten ari zaizkien testen inguruan, azaldu duenez hori baita oraingo fasean dituzten lehentasunetako bat. Kolektibo horien artean daude, besteak beste, osasun langileak, ertzainak, suhiltzaileak eta arrantzaleak. Jaurlaritza testak egiten hasi zen lehen kolektiboa soziosanitarioa izan zen, eta aste honetan proba horiek amaituko dituztela aurreikusi du Murgak. COVID-19 kasuren bat izan duten zahar etxe guztietako langile eta paziente guztiei egin dizkiete testak; guztira, 22.000 behargini eta 20.000 pazienteri.
Etxean egindako maskarak
Proba serologiko horiek emandako datuei dagokienez, Murgak adierazi du osasun zentroetako langileen %5,5ek eman dutela positibo, eta ertzainen %4k: «Egindako PCRetan, berriz, inor gutxik eman du positibo, eta horrek adierazten du kasu aktibo gutxi daudela». Gaineratu du «mantendu beharreko esfortzu bat» egin dutela kasuak azkar detektatzeko, lan horrek «pandemiak Euskadin izan duen zabalkundea hobeto ezagutzen» lagunduko baitu. «Bigarren fasean gehiago mugitzeko aukera izango dugu, eta, horregatik, are eta ardura handiagoz jokatu beharko dugu»
Gaur indarrean sartu den maskaren inguruko legearen inguruan, kazetariek sailburuari galdetu diote ea posible den etxean egindako maskarak erabiltzea. Murgak adierazi du gai garrantzitsua dela, «familien gastuetan eragiten duelako, eta aldagai ekologiko bat ere baduelako». Ezaugarri jakin batzuk betez gero, maskara horiek erabilgarriak izan daitezkeela esan du: «Espero dut maskarak egiteko materialak laster salgai egotea modu eskuragarri eta ekonomikoan».