Euskal presoak. Bilboko manifestazioa

Beste eskubide batzuk ere defendatzeko eskatu dute martxan izan ez direnek

PPren eta PSE-EEren ustez, manifestazioan izan direnek ETAri ere egin behar diote desagertzeko eskaera

jon olano
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
PPk, PSE-EEk, EAJk eta Hamaikabatek ez dute bat egin Bilboko manifestazioarekin, baina guztiek hitz egin dute hari buruz. Iñigo Urkullu EAJko presidenteak manifestazioa «tresna» bat dela nabarmendu du: «Urteroko mobilizazioa da, sentsibilitate ideologiko batek kalera ateratzeko erabiltzen duen tresna». Beste eskubide batzuen aldeko manifestazioak ongi etorriak direla gaineratu du Urkulluk, eta gogorarazi du EAJ duela hamahiru urte presoen eskubideen aldeko martxan izan zela.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunaren iritziz, Bilboko manifestazioa aukera ona da deialdia egin dutenek eta han izan direnek ETAri desagertzeko eska diezaioten. Pastorren arabera, antolatzaileek «beste jokaleku politiko bat» espero zuten agerraldiaren egunerako.

Presoen eskubideen aldeko manifestazioak «asmo politikoak» dituela ohartarazi du Leopoldo Barreda PPko eledunak: «Eskubideen inguruko auzia balitz, auzitara joko lukete, horiek galdegiteko». Garrantzizkoena ETAri desagertzeko eskatzea dela deritzo Barredak: «Egokiena litzateke horrelako agerraldi batean ETAren desegitea exijitzea, eta ez edozein helburu politikoren alde egitea; izan ere, jakina da espetxe politika aldatzeko eskatzeak xede politikoa duela».

Nahiz eta ez duen Bilboko agerraldiarekin bat egin, Iñaki Galdos Hamaikabateko presidenteak gogorarazi du bere alderdiak «beti» egin duela presoen eskubideen alde. Hala ere, ez du uste beharrezkoa denik Bilboko manifestaziora joatea presoen eskubideak defendatzeko, agerraldia «beste estrategia batean» kokatzen baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.