Beste hemezortzi kutsatu eta zazpi hildako azken orduetan

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren azken datuen arabera, koronabirusaz kutsatutako beste hemezortzi kasu atzeman dituzte, eta zazpi lagun hil dira azken egunean. 

Herritarrak Ermuan, farmazia batean ilara egiten. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maider Galardi
2020ko maiatzaren 25a
13:23
Entzun

Beheranzko joera agerikoa izan arren, apaltzeak gorabeherak izan ditzake oraindik ere, adituek azaldu dutenez, eta, atzo Euskal Herrian COVID-19ak eragindako hildakorik erregistratu ez bazen ere, bestelakoak dira gaurko datuak. Zazpi lagun hil ditu gaitzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Beraz, 2.020 dira gaitzak Euskal Herrian hildakoak. 

Kutsatuak, berriz, hemezortzi dira guztira. Eta gaitzagatik ospitaleratutakoak, berriz, bi dira azken egunean.

Datuak dantzan, Nafarroan

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuaren araberako datuak eskaintzen ditu, eta Espainiak zuzendu egin ditu Nafarroari buruz emandakoak. Guztira 509 hildako zeuden zenbatuta herenegun arte, baina, zuzenketaren ondoren, 490 jaso dituzte. Alegia, 19 hildako gutxiago dira, iturri ofizialen arabera. Eta, hortaz, Hego Euskal Herriko zenbakiak ere aldatu dira: datu ofizial hori aintzat hartuta, 2.000 dira hildakoak.

Joera mantentzen

Datuek kurbaren beste apaltze bat adierazi dute: ez dago ZIUn ospitaleratutako kasu berririk Hego Euskal Herrian —33 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 135 Nafarroan—, eta %7,7ko heriotza tasa mantendu egin da. Gainera, gero eta gaixo gehiagok hartzen dute sendagiria. Zehazki, 23 lagun osatu dira azken 24 orduetan EAEn, eta, guztira, eritasuna pasatu eta sendatu direnak %89,8 dira.

Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, kutsatu bakoitzak 0,69 pertsonari pasatzen dio birusa gaur, atzo baino 0,03 gehiago, baina birusak mantentzeko behar duen kopurutik (1) behera. 1eko datu hori gaindituta, izurria berriz zabaltzen hasteko arriskua legoke, baina ez dago horren zantzurik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.