Bateraezintasunen inguruko foru legearen arabera, Nafarroako Gobernua utzi eta beste lan bat aurkitu bitartean, kargudun ohiek soldata gordinaren %80 jasotzeko eskubidea dute, gehienez bi urtez. Hala, aurreko gobernuko 27 kargudun ohik —adibidez, Miguel Sanz Nafarroako lehendakari ohiak berak eta zortzi kontseilari ohik— ordainsari hori jasotzeko eskaera egin dute: 27 horien artean, Parlamentura joateagatik dietak jasotzen dituzten lau kontseilari ohi daude —Javier Caballero, Amelia Salanueva, Begoña Sanzberro eta Maribel Garcia Malo—, baita funtzionario postura itzuliko diren hainbat goi kargudun ere —besteak beste, Maria Kutz, Jose Maria Roig eta Juan Ramon Corpas—. Orain arte 27k eskatu dutesariok jasotzea, baina 50 inguruk egin dezakete.
Ordainsariok jasotzea legezkoa da. 1996an onartu zen bateraezintasunen inguruko foru legea, eta 2004an berritu egin zen. Azken aldaketa horri esker, kontseilari ohiek ez ezik zuzendari nagusiek ere jaso ahal dituzte sariok. Legezkoa bada ere, aintzat hartu behar da gobernuan ziren bitartean kargudun ohi horietako gehienek soldatez gain dieta oparoak jaso dituztela hainbat enpresa publikotako kontseiluetara joate hutsagatik. Gainera, zenbait laster funtzionario postura itzuliko dira; hala ere, aste batzuez saria jasotzea eskatu dute.
Egungo egoera ekonomikoan sariok pribilegio kutsu handia dutela jakinda, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak keinu bat egin nahi izan dio iritzi publikoari, eta iragarri du lege hori moldatu nahi duela lanpostu publiko bat zain duten kargudun ohiek behinik behin sari hori jaso ez dezaten. Dena den, ematen du proposamenak hautsak harrotu dituela UPN barruan.
Izan ere, atzo Diario de Navarra egunkariak kaleratu zuen Yolanda Barcinak eskaera egin zuela Nafarroako Unibertsitate Publikora itzultzeko alkate kargua ekainaren 11n utzi eta Nafarroako lehendakari izendatu bitartean (uztailaren 1a). Soldata hori kobratu zuen, nahiz eta irakasle gisa ez jardun. Barcinaren bulegoak arrazoitu du Gizarte Segurantzaren babesik gabe ez geratzeko egin zuela eskaera. Alkate izateari utzi eta lau egunera, ekainaren 15ean, parlamentari gisa kargua hartu zuen Barcinak, baina uko egin zion dietak jasotzeari. Nahiago izan zuen NUPen soldata jaso.
Atzo, Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzordea bildu zen, eta ordainsarien auzia aztergai izan zuen. Ezkerra koalizioak legea aldatzeko proposamen bat aurkeztu zuen, kargudun ohien gehiegikeriak amai daitezen. Jose Miguel Nuin Ezkerrako eledunaren arabera, «ulertezina da oraingo egoera larrian kontseilari ohiek trikimailuak erabiltzea bi diru sarrera publiko izateko».
Patxi Zabaletaren irudiko, gobernu batek ezin du horrela jardun, are gutxiago 40.000tik gora nafar langabezian izaki. «Konpentsazioduina eta umila jaso behar da egindako lanaren truke, baina ezin da politikaz baliatu. Adibide txar bat da».
Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariaren arabera,, parlamentari dietak dituzten lau kontseilari ohiei «erantzukizunak» eskatu behar zaizkie, eta haien jarrera zuzendu egin behar da.
Gobernuko bazkide PSNko Juan Jose Lizarberen ustez, «bitxia da» Barcinak legea aldatzeko eskatzea, UPNko kargudun ohiak baitira onuradunak.
PPko Santiago Cerverak, berriz, kritikatu egin du Barcinak NUPera itzultzeko eskatu izana. «Iruzurra» izateaz gain, Gizarte Segurantzan kotizatu ezin duten langabeentzat «iraingarria» dela deritzo. «Zergadunen dirua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa bera gutxietsi ditu».
UPNko Carlos Garcia Adanerok, berriz, ez du horri buruz hitz egin nahi izan. Barcinaren «erabaki pertsonala» izan dela dio.
Beste lan bat izan arte, UPNko kargu ohiek soldataren %80 jasoko dute
Alkate izateari utzi eta presidente izendatu bitartean, Barcinak NUPera itzultzea eskatu zuen, 19 eguneko soldata jasotzekoOposizioak gogor kritikatu du krisi garaian 27 kargudun ohik hain sari handiak izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu