Beste martxa bat behar

Orain Presoak-ek eta Bakegileek manifestaziora deitu dute urtarrilaren 12rako, Bilbon eta Baionan. Konponbidea azkartzeko eskatu dute

Orain Presoak eta Bakegileak dinamiketako kideak, atzo, Irunen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enekoitz esnaola
Irun
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
ETAren armagabetzearen (2017) eta haren desegitearen (2018) ondoren «lehentasuna» euskal presoen auzia dela iritzita, konponbiderako pausoak azkartu beharra ikusten dute Orain Presoak dinamikak eta Bakegileek, eta, xedetzat hori harturik, manifestaziora deitu dute urtarrilaren 12rako. Martxa bat, baina bi lekutan izango da, Orain presoak lelopean: Bilbon eta Baionan, biak 17:00etan. «Presoen alde, orain egin behar dira urratsak. Prozesuaren abiadura aldatu beharra dago. Premiazko garaian sartuak gara. Presoen auzia konpontzeko unea etorria da», esan du Arantza Aldezabal Orain Presoak-eko eledunak aurkezpen prentsaurrekoan, Irunen (Gipuzkoa), Ficoban. Joseba Azkarraga, Olatz Iglesias, Mixel Berhokoirigoin, Anaiz Funosas eta Anabel Arraiza ere izan dira agerraldian, besteak beste.

Orain Presoak-en eta Bakegileen arabera, Espainiako eta Frantziako estatuek euskal presoen aurkako «salbuespen» neurriak kendu behar dituzte lehendabizi, «giza eskubide arruntak errespetatzea delako, gaurko egoera politiko berriak eskatzen duelako, eta bake orokor eta integral baten oinarria delako». Ondoren letorke «esparru juridiko berri bat, bake prozesuari egokitua».

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Frantziako Gobernuko Justizia Ministerioak presoen aferari buruzko mahai bat osatua dute duela urtebetetik, eta Paris ari da urratsak egiten, baina Berhokoirigoin bakegileak Irunen esan du hark ere abiadura azkartu beharra duela. «Ez gara helmugara heldu», adierazi du, eta deitoratu Parisek erritmoa apaldu egin duela azkenaldian. Beraz, konponbiderako «abiadura handiagoa» ezartzeko eskatu dio. Horrez gain, estatuei bide orri bat galdegin diete.

Baionako eta Bilboko manifestazioak baliatu nahi dituzte Parisi eta Madrili esateko «oraindik» ezdirela bete «bake justu eta iraunkor baten baldintzak», eta prozesua ez dela bukatu gatazka armatuaren amaierarekin.

Nahiz eta aitortu duten espetxeetako giltza estatuek dutela, «egoera aldatzeko» garrantzi berezia eman diote gizarte zibilari; «hark ere badu bere eginkizuna». Norberaren inplikazioa «beharrezkotzat» jo dute.

Halaber, gogoan izan dituzte «indarkeria guztien» biktimak. «Iraganaz ezer baztertu eta ahaztu gabe egin behar dugu bidea.Indarkeria guztien biktima guztiei zor diegun egia, errespetua eta errekonozimendua. Zor diegu iragana ez errepikatzea, eta horretarako lan egitea».

Espetxe politika berriaz gaur

Espainiako Estatuko espetxe politika berriari buruzko bi eztabaida saio izango dira gaur, Bilbon (Uribitarte maldak 3), Bizkaiko Abokatuen Bazkunak antolatuta. Lehenik eta behin (17:00), lau legelari mintzatuko dira: Emilio Olabarria, Amaia Izko, Txabi Etxeberria eta Virgilio Valero Garcia. 18:30etik aurrera, politikarien txanda izango da: Amaia Arregi (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu), Tinixara Guanche (Elkarrekin Podemos), Rafaela Romero (PSE-EE) eta Amaya Fernandezena (PP). Sarrera irekia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.