Beste pertsona bat inputatu dute Barcinari tartak bota izanagatik

Mikel Alvarez Forcada deitu du deklaratzera Santiago Pedraz epaileak Espainiako Auzitegi Nazionalera

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Beste pertsona bat inputatu dute, laugarrena, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari hainbat tarta bota izana egotzita, abiadura handiko trenaren (AHT) proiektuagatik protesta egiten ari zirela, Tolosan (Okzitania-Frantzia), Pirinioetako Lan Taldea egiten ari zen konferentzia batean.

Mikel Alvarez Forcada AHTaren aurkako ekintzailea deitu du Santiago Pedraz epaileak Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera. Azaroan beste hiru lagunek deklaratu zuten, eta epaileak hainbat zigor neurri ezarri zizkien; besteak beste, Espainiako Estatutik ezin dira atera, astean behin joan behar dute epaitegira eta pasaportea kendu zieten. Mugitu! desobedientzia mugimenduko ekintzaileak dira hirurak: Ibon Garcia Garrido, Julio Villanueva eta Gorka Ovejero.

Mikel Alvarez Forcada inputatzeko eskaria egina zuen Blanca Rodriguez auziko fiskalak, eta epaileak ontzat jo du eskaria. Etzi joango da Alvarez Forcada auzitegira deklaratzera.

Fiskaltzak lau eta bederatzi urte arteko espetxe zigorra eskatu du inputatutako lagunentzat, atentatu delitu bat egotzita. Hain zuzen ere, bederatzi urteko zigor eskaria Ovejerorentzat eskatu du fiskalak, Arruatzuko (Nafarroa) alkateordea denez agintari izatearen astungarria egon daitekeela uste baitu.

Mugitu! taldearen kritika

AHTaren aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduak oso gogor kritikatu du auzibidea, eta zigor eskariak «hiperboliko eta neurrigabekotzat» jo ditu.

Mugituk auzi honen inguruko «ilunkeria» salatu du, eta, besteak beste, Frantziako Poliziaren diligentzien berri ez dagoela ohartarazi du. Hain zuzen ere, Frantziako Poliziak Libertat Okzitaniako mugimenduko bi kide deitu zituen deklaratzera iazko azaroaren 28an. Geroztik, prozeduraren berririk ez dutela adierazi du: aurrera jarraitu duen edo ez. Mugituk elkartasunerako deia egin dio gizarteari, eta desobedientzia AHTaren aurkako borroka bide egokitzat jo du berriro ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.