Sufrimendua irudikatu zuen Frida Kalho margolari mexikarrak La columna rota obran (bizkarrezur hautsia). 17 urte zituela, gorputza hautsi zion autobus istripu batek: bizkarrezurra apurtu, eta 32 ebakuntza egin zizkioten. Ondorioz, min kronikoa jasan zuen, antzu geratu, eta kortsea eraman behar izan zuen bost hilez. Baina, zauri fisikoak ez ezik, psikikoak ere pintatu zituen: bakardadea, tristura, Diego Rivera senarrarekiko harreman txarrak eragindako bihotzeko mina...
Kalhoren autoerretratu gordinenak agerian utzi zuen gorputza eta burua ez daudela hain bereizita: norbere osasunari eta ongizateari buruzko pertzepzioan faktore biologikoak ez dira aldagai bakarrak. Horrekin bat datoz aditu asko: gizarteak pertsonak gaixo ditzake, eta, ildo horretatik, generoa patogenoa izan daiteke. Emakumeen buru osasunean atzeman daitezke ondorioak; adibidez, gizonek baino depresio gehiago dituzte. Ana Tavora Granadako (Espainia) Santa Fe ospitaleko Buru Osasuneko Unitateko psikoterapeuta eta psikiatraren aburuz, andreen bizi-baldintzekin lotuta dago: «Sufrimendu handia jasateak gaixotu egiten du; emakumeek asko sufritzen dute, besteekiko harremanetan mendeko lekua badute».
Lana sexuaren arabera banatzen duen gizarte egiturak lanaldi bikoitza jartzen die andrazkoei: enplegu ordainduaz gain, etxeko lanen eta zaintzen pisurik handiena hartzen dute beren gain. Inoiz amaitzen ez den lan horrek gaitz ikusezinak eragiten ditu buru osasunean. Tavorak ikertua du zama horrek andreengan sortzen duen menderatzea. «Parekidetasunik eza barneratzeko moduak gaixotzen gaitu, gizarte antolakuntza hierarkikoak mendeko leku batean kokatzen dituelako emakumeak».
Bilakaera horrek estrategia bati erantzuten diola azaldu du: «Andreei beharrizan batzuk etagizonei beste batzuk sortzen dizkie sistemak. Emakumeentzat, biziki garrantzitsuak dira atxikimendu beharrizanak. Hala, haien nortasuna eratzean, ezinbestekoa zaie maitatuak izatea». Autoestimuaren ardatz bihurtzen da afektibitate hori: maitatuak sentitzen diren neurrian maitatzen dute beren burua andreek. «Ni naizen horretan eragin handia izango du maita nazaten lortzeak. Hartara, besteen nahi eta beharrei erantzun behar horretan aditu bihurtuko naiz».
«Ezinbesteko bihurtzeko» xede horretan kokatzen du psikiatrak lanaldi bikoitza betetzea. Izaeraren gaineko beste genero agindu batzuekin uztartzen da: prestasuna, eskuzabaltasuna, samurtasuna eskatzen zaie andreei, baina «emakume-amaren ideala» gauzatu ezin izatea atsekabe iturri da. «Ona ez izateko beldurra eragiten du, abandonatua izatekoa, autonomiak dakartzan erronkak kudeatzen ez jakitekoa... Beldur horretatik abiatuta, gatazkak ukatu egiten dira, eta ukazioaren ondorio dira antsietate eta depresio asko».
Lanak, aitortzarik ez
Etxearen, gorputzen eta ingurukoen emozioen zaintzaile bihurtzen dira andreak, baina ez zaie baliorik aitortzen. Aitortza falta horrek sortzen die atsekaberik handiena: «Andreek eman egiten dute, trukean antzekoa jasoko dutela pentsatuz, baina ez da hala. Besteak eman diezazukeenari buruzko fantasiak deseraiki behar dira». Hala, Tavorak uste du bikote harreman txar batek osasunari kalte egin diezaiokeela: «Arrisku faktorea da, ondo maitatzen ez bazaituzte, zu estimatzen ez badakite, zure beharrizanak kontuan hartzen ez badituzte, bestearentzat ari zarenean bakarrik begiratzen badizute...».
Baina besteentzat bizitzearen arriskurik handiena norberaz ahaztea dela erantsi du. «Bestearen beharrei adi egoteak energia gastu handia dakar, eta ondorio negatiboak ditu norbera subjektu gisa eraikitzeko lanean». Hala, bakardadea aldarrikatu du; bakarrik egotea, norbere buruari begiratzeko, ezagutzeko; baina bakarrik egotea zaila da andreentzat, esanahi ezkorrez beteta dagoelako. «Orduan, non dago norbere burua formulatzeko espazioa?».
Bihar: Jabekuntza.
Osasuna eta generoa (IV). Gizarte presioak gaixotuta
Besteentzat bizi, norberaz ahaztu
Etxeaz arduratzea eta etxetik kanpo ere lan egitea, ingurukoak zaintzea, prestasuna edukitzea, samurrak izatea... Gizarteak eskatzen dienari erantzun ezin izateak emakumeak gaixotzen dituela diote hainbat adituk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu