Bertan azaldu zuenez, Estatutu proposamena egungo esparru instituzionalaren «blokeo ekonomikoari eta urritasunari aurre egiteko erantzun baikorra da». Ildo horretan, Gernikako Estatutuak gero eta «jokaleku mugatuagoa» duela iritzi zion, batik bat Madrilek ez dituelako zenbait eskumen transferitu. «Hamabost urte galdu dira autogobernu mailan, eta Jaurlaritzak Estatutuaren garapenari bere poltsikotik egin behar izan dio aurre», azpimarratu zuen. Espainiako Gobernuak jarritako «muga» horien ondorioz, azken hamabost urteotan EAEko autogobernuak garapenik ez duela izan azaldu zuen Lehendakariordeak. Hala, kritikatu zuenez, Eusko Jaurlaritzak azken hamar urteetan 800 milioi euro gastatu ditu ikerketan, Espainiako Gobernuak ez baitu eskumena transferitu. Era berean, EAE Abiadura Handiko Europako Trenbidera lotuko duen trenbideak prestatzen Madrilgo Gobernuak hogei urte «galdu» dituela salatu zuen.Gainera, Europako Batasunaren hedapena bezalako erronka berriei aurre egiteko autogobernu gehiago eta Espainiarekin bestelako harreman markoa beharrezkoa dela iritzi zion Zenarruzabeitiak. «Ez da gutizia politikoa, ezta borroka ideologikorako elementua ere, beharra baizik», azaldu zuen.
Eredu ekonomiko berria
Horiek horrela, Estatutu proposamena «eredu ekonomiko berriari» moldatzeko tresna izango dela esan zuen. Eredu hori erdiesteko, EAEk hiru ardatzen gainean lan egin beharko lukeela iritzi zion: «Informazio eta ezagutzaren gizartea eraikitzea; ikerketa eta teknologia alorrean Europako erreferente bilakatzea eta kudeaketan erabateko kalitatea bilatzea». Xede horiek erdiesteko, «bigarren aldaketa ekonomikoa» burutzea premiazkotzat jo zuen, aldaketa horrekherritarren hazkundea sustatu eta ongizatea areagotuko lukeelako, «gure etorkizuna dago jokoan, eta erronka horren erantzun onena autogobernuan sakontzea da», esan zuen.
-
Esparru instituzional berri baterako arrazoi ekonomikoak
Txostenak Gernikako Estatutua indarrean jarriz geroztik gaurdaino Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak egin duen bilakaera laburbiltzen du. Eta azterketa hori erabiltzen du «autogobernu marko berri batek euskal autonomia erkidegoko ekonomiari» ekar diezaiokeen onura argudiatzeko. Azkenean ondorioztatzen du «EAEko biztanleen ongizatea areagotuko lukeen bigarren aldaketa ekonomikoa» behar dela, eta horretarako proposamenak egiten ditu. Laburbilduz, honako puntuak jasotzen ditu:
Eredu ekonomiko berriaren oztopoak eta eskakizunak
Esparru berriaren beharra:
Gernikako Estatutua ez betetzeaz gainera Estatutua agortuta dagoen sinesmena zabalduta dago. Hala, autogobernuan sakontzeko eta Euskadiko bigarren eraldaketa ekonomikoari aurre egin ahal izateko, agertokia erabat aldatu beharra dago. Espainiako Estatuarekiko harremanen esparru juridiko-politiko berria sortu behar da.
Hitzarmen politiko berria eta eduki ekonomikoa
Printzipio politikoak:
2002ko irailaren 27an egindako politika orokorreko eztabaidan, Hitzarmen Politiko Berriaren proposamena aurkeztu zuen lehendakariak. Zutabeak:
Euskal Herria berezko nortasuna duen herria da.
Eskubidea du bere etorkizuna erabakitzeko, bera osatzen duten egungo eremu juridiko-politikoetako herritarren erabakiak errespetatuz. Edukia: (...)
Gizarteko, ekonomiako eta gizarte babeseko eremu propioa garatzea.
Gure naturako baliabideen eta azpiegituren kudeaketa bermatzea.
Ondorioak
Euskadik, azken bi hamarkadetan, diktadura garaitik jasotako garapen ekonomikoaren eredua sakon aldatzeari ekin dio. Aldaketa arrakastatsu horren bi giltzarri nagusiak hauek izan dira: batetik, kanpora irekitzea eta Europako merkatuan barneratzea; bestetik, autogobernua berreskuratzea, euskal instituzioek, horren bidez politika publiko asko jarri ahal izan baitituzte abian.
25 urteko autonomiaren ondoren, ziurgabetasun epe bat ireki da. Euskal instituzioen jarduera mugak estutu egin dira. Erronka horiei erantzuteko azkar egokitu behar da Europan eta nazioartean azaleratzen ari den eredu ekonomiko berrira.
Eredu ekonomiko berrira egokitzeko, Euskadik erreferente moduan izan behar dituen ardatzak hauek dira:-Informazioaren eta jakintzaren gizartea.-Europan, ikerketan eta teknologian errefente izatea.Horretarako beharrezkoa da Euskadiren bigarren aldaketa ekonomikoari berehala ekitea, zutabe hauen gainean:-Hezkuntza eta heziketa iraunkorra.-Ikerketa, garapena eta kalitatea.-Gure kokapen fisikoa eta artikulazio ekonomikoa sustatzea ardatz europarrean.-Elkartasun sozialaren eremua eraikitzea, gizarte babesa bermatuko duena, eta pertsonen ongizatea areagotuko duena.
Autogobernuaren esparru berriaren beharra ez da, azken batean gutizia politikoa, ezta norgehiagoka ideologikoaren elementua ere. Proposamena beharra da, Euskadiko bigarren aldaketa ekonomikoari bidea irekiko dioten oinarriak onbideratzeko, eusteko, finkatzeko eta garatzeko.