«Beti ari gara pentsatzen kartzelan edo munduan zehar bizi diren horiengan»

Hodei Iruretagoiena.
Gaztelu
2014ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Iazko ekainean atxilotu zuten Jokin Aranalde (Gaztelu, Gipuzkoa, 1946), Baiona inguruan, euroagindu baten harira. Ezkutatu egin zen hilabete batzuetarako, eta uztailean 17an atzeman, Espainiaratu, eta Madrilen sartu zuten preso. Bi aste eskasera, behin-behinean utzi zuten aske; auzitegian astero sinatu behar du orain, eta ezin da irten Espainiako Estatutik. Aurrez, beste hiru aldiz ere atxilotu izan dute, eta torturatu egin zutela salatu zuen hiruretan.

Miarritzeko ekitalditik astebetera atxilotu zintuzten, beste bi lagunekin batera. Zein analisi egin duzu?

Baneramatzan hamar urte Iparraldean bizitzen. Lauzpabost urtez langile izan nintzen, nire etxebizitza nuen, nire zergak, boza ere han ematen nuen... Zergatik orduan atxilotu? Helburua zen gure [EIPKren] proposamena hasieratik moztea, kolpe errepresibo batekin. Gerrako betiko legeak dira. Ni aukeratu ninduten mintzaide, eta kolpea borobildu zuten ordezkari baten aurka jota. Horrek adierazten du zein den bi estatuen ildoa: gatazkaren benetako konponbidearen aldeko sektore zabalak errepresio-antierrepresio dinamika maltzur horretan sartzea, gatazka politikoaren oinarriak konpondu beharrean. Atxiloketak, herriko tabernak... Hor nahi gaituzte nahasi. Gero, pentsatzen dut beste biak erabili zituztela nire kontrako euroagindua justifikatzeko, ez zegoelako inolako oinarririk haien aurka.

Zer dela-eta eskatu zuten euroagindua?

Antzerki bat izan zen. Hasieran ematen zuen berehala Espainiaratuko nindutela, baina epailea behin-behinekoa zen, eta onartu zuen froga gehiago eskatzea. Espainiatik bidalitakoak txisteak egiteko modukoak dira; ezin sinetsiak. Hala ere, erabaki politikoa zenez, onartu egin zuten.

Ezkutatzeko erabakia hartu zenuen gero. Zertarako?

Salaketa sakon bat egiteko, Espainiaratzeko erabakiari erantzun bat emateko. Bereziki Iparraldean lanean ari diren eragile sozialek oso ondo ikusi zuten, Frantziako Estatua ere salatu behar delako, haren papera Espainiaren parekoa baita. Horrela egon naiz zortzi edo bederatzi hilabetez, eta bizimodu normalera itzulitakoan atxilotu naute berriz.

Gero, bi asteren bueltan askatu zaituzte. Espero zenuen?

Harrigarria izan da. Elementu garrantzitsu bat dago hor, nik uste: bereziki Iparraldetik lan handia egin dela. Jende anitz mugitu da, eta eragina izan du. Juridikoki, fiskalak berak esan du, behin-behineko askatzea onartzean: akusazio ahulak dira; ez zuen zentzurik ni kartzelan edukitzeak.

Nolakoa izan da berriz sorterrira itzultzea?

Sorpresa izan da. Neure burua ikusten nuen, hemen egon nintekeen bezala, Andaluziako kartzela batean. Behin aterata, emozio asko dira, oso kontrajarriak, oso sakonak. Bizi gabe zaila da jakitea, eta azaltzea ere bai. Lehen sentimendu sakonenak kartzelatik ateratzean izan nituen, Sotoko espetxe aurrean. Hamar bat egunez egon nintzen kide batekin, egunean hiru orduko patioan; bestearekin bi edo hiru aldiz. Eta sentsazioa nuen bizitza guztian haiekin bizi izan nintzela. Hain dira sakonak harremanak, elkarrizketak, umorerik galdu gabe... Egia esan, izugarrizko poza da irtetea, familiagatik, lagunengatik, baina kide haiek kartzelan uztea ikaragarri gogorra egiten da. Oso sentipen kontrajarriak dira. Eta iheslari gisa, berdin. Beti ari gara pentsatzen munduan zehar bizi diren horiengan, eta zein baldintzatan bizi diren asko. Gure ardura da, indarra dugun heinean, pertsonalki lan egitea egoera horiek bideratzeko; urratsez urrats, azken preso, iheslari eta deportatua etxeratu arte.

Izan duzu tarterik sorterrira itzuli direnekin egoteko?

Bai, batzuekin egon naiz. Norbait sartu bada egoera edo garai berri batean, gu sartu gara. Eta ez da erraza; oso zaila da hor kokatu eta bide bat hartzea. Ikusi dut emandako pausoarekin kontentu sentitzen garela guztiok; nik ikusi ditudanak, behintzat, bai. Aurrerantzean ere, bakoitzak bere indar asko edo gutxi jartzeko aukera dugu; jarrai dezagun prozesuan ekarpena egiten, iheslari edo iheslari ohi gisa, militante gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.