Gaizka Villar. Aldarte elkarteko kidea

«Beti egon da gorrotoa aniztasunarekiko; hor badago zer pentsatua»

BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
«Gaitzespen osoa eta nazka». Hitz horiek atera zaizkio sexu-genero aniztasunaren esparruan lan egiten duen Aldarte elkarteko kide Gaizka Villari (Erandio, Bizkaia, 1986) Basauriko erasoaz mintzatzean. Biktimari eta LGTBI kolektibo osoari babesa adieraztearekin batera, eskaera bat egin du: gauzak aldatzeko, lanketa estrukturala behar da.

Areagotu egin al dira azkenaldian gorroto delituak?

Ez dakit areagotu egin diren, baina ikusgaiago egiten ari dira. Azken boladan LGTBIfobiaren kontra egin den sentsibilizazio eta lanketa guztiaren ondorio izan daiteke, eta horretarako tresnak jarri izanaren ondorio. Ertzaintzak bere 2020ko txostenean gorroto delituen inguruan emandako datuetan bikoiztu omen dira, batez ere, LGTBIfobia kasuak. Oso eraso bortitza izan da [Basaurikoa], baina badaude egunerokoan eraso edo diskriminazio sinboliko edo estrukturalak ere.

Batez ere, zein motatako testigantzak jasotzen dituzue?

Ez dago profil konkreturik. Kasu honetan, oso esanguratsua da gazteak izan direla. Oso intersekzionala da arazoa, eta, ildo horretan, kontuan hartu behar dugu egin behar den lanketak estrukturala izan behar duela, eta beste buelta bat eman behar diogula.

Eraso horiek lotuta egon al daitezke eskuin muturraren hazkundearekin?

Zentzu batzuetan, bai, baina ez dugu esango soilik eskuin muturrari lotuta daudenik; azken hau ez dago horrekin lotuta. Gorrotoa beti egon da aniztasunarekiko; hor badago zer pentsatua, estrukturalki edo jendartean oraindik horrelako ideiak baldin badaude. Ez genuke esango eskuin muturrera lotuta dagoenik; gaur egun irakaspen horiek jasotzen ditugu oraindik, eta zaila da horrelako arazo sakon eta estruktural bati heltzea, gauza asko aldatu behar direlako, ez soilik sexu-genero aniztasunarekiko: beste ikuspegi gehiago ere jorratu eta zabaldu behar dira.

Horrelako erasoak jasan dituztenak nola iristen zaizkizue elkartera?

Modu askotan. Batzuk, etsita, eta beste batzuk, oso haserre; beste batzuk, ondo kokatuta eta jakinda zer nahi duten eta nola bideratu nahi duten kontua... Aldarten horrelako kasuak jasotzen ditugunean, lehenbizi lagundu egiten diegu, eta, pertsona horiek zer nahi duten, bitartekoak eskaini. Hortik aurrera, haiek erabaki dezatela. Oso eraginkorra izan daiteke salaketa bat jartzea auzitegian, edo, agian, erabakitzen dute bitartekaritza bat baliatzea: beste aldearekin harremanetan jarri eta akordio batera heltzearekin edo hitz egin eta barkamena eskatzearekin nahikoa dute.

Biktima horiek, epe laburreko ondorioak ez ezik, luzera begirakoak ere paira al ditzakete?

Edozein gorrotogatik egindako ekintza bortitzek zein ez-bortitzek— baina gorrotoa islatzen dutenek— jendarteari ematen dioten mezua hau da: «Talde honetakoa bazara, hau edo bestea egiten baduzu, kontuz». Kontuan hartu behar da mezu bat bidaltzen dela jendartera, eta sexu-genero aniztasunagatiko gorroto delituen kasuetan zein besteetan egin behar den lanketa hori da: ez soilik orduan bertan gertatutakoari erantzutea, baizik eta etorkizunean ematen den mezu horri ere heldu beharko zaiola.

Erasotzaileak hain gazteak izateak zer uzten du agerian? Non dago akatsa?

Akats zehatza zein den aipatzea zaila da, baina jendartean oraindik lanketa asko falta da, batez ere LGTBI kolektiboekiko eta beste kolektibo zaurgarri batzuekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.