«Beti esaten digute berdintasunarena mendebaldetik datorrela»

Inigo Astiz
Leioa
2015eko martxoaren 22a
00:00
Entzun
«Askotan esaten didate nirea ez dela benetako emakumezko musulmanen ahotsa». Kaxaratzeek kezkatzen dute Farida Shaheed, baina kaxaratzeak dira nagusi gaur egun. Bizitza guztia darama giza eskubideen aldeko borrokan, eta bereziki lan handia egin du Pakistango mugimendu feministan, eta Lege Musulmanen Pean Bizi Diren Emakumeen Nazioarteko Elkartasun Sareko kide ere bada.

Pentsatzen dut zure aktibismo feministak lagunduko zizula historia bakartasunaren ideiarekin apurtzen. Izan ere, nekez aurkitzen da emakumerik historia liburuetan.

Gida bat eta liburu bat idatzi nituen gai horri buruz; historia musulmanean beren eskubideak eta beren burua berresten duten emakumeei buruz. Halakorik ez dela existitzen esaten digute behin eta berriz, eta berdintasuna eskatzen duen oro datorrela mendebaldetik. Historiaren oin oharretatik eta bazterretatik bildu behar dituzu historia horiek, baina horiek batzea eta argitaratzea izan da nire bizitzan gehien ahaldundu nauen gauzetariko bat. Jendea ikaragarri ahalduntzen du horrek. Lan horretan kontatzen dena beren historiaren parte ere badela sentitzen dute, eta, beraz, beren identitatearen parte ere izan daitekeela. Eta, hain zuzen ere, hori da historiaren botere nagusietariko bat: justiziaren aldeko borrokan aurrera egiteko legitimitatea ematen dizu.

Lege Musulmanen Pean Bizi Diren Emakumeen Nazioarteko Elkartasun Sareko kide ere bazara (WLUML). Zein da egun sareak duen erronka nagusia?

Jadanik ez nago zuzendaritzan, baina sarea martxan jarri genuenean ere oso kezkatuta geunden gai horrekin. Tsunami bat igartzen genuen etortzen, eta ohartu ginen inork ez ziola arretarik jartzen. Emakumeen eskubideez mintzo garenean, adibidez, hori mendebaldetik heldutako zerbait dela esaten digute, kanpotik etorritako zerbait. Horri aurre egitea tokatzen zaigu. Maiz esaten didaten beste gauza bat da ez naizela emakumezko musulmanen benetako ahotsa. Etengabe esaten didate hori. Estereotipoak ez betetzeak ez du esan nahi benetako ez naizenik, baina gertatzen dena da progresista den jendeari, giza eskubideen mugimenduan dagoen jendeari eta estereotipoak betetzen ez dituen jendeari ez zaiola espazio publikorik aitortzen, eta argazkitik kanpo gelditzen direla. Beti oihuka dauden fundamentalista zoro horiek etengabe proiektatzen dituzte, ordea, eta badirudi hori dela benetako identitatea. Borroka egin behar da barruan gure ahotsa entzunarazteko, eta borroka egin behar da nazioartean ere horretarako. Eta bada beste erronka handi bat ere: gero eta txikiagoa da ahots sekularrek duten espazioa. Mendebaldean eta nazioartean asko hitz egiten da fedean oinarritutako taldeei buruz eta dirua ere biltzen da haientzat. Batetik, talde horiek beren burua bakarrik aitortzen dute fededuntzat. Bestetik, diru laguntzak jaso ahal izateko beren burua kristautzat, musulmantzat edo hindutzat identifikatzera bultzatzen dituzu adibidez emakumeentzako aterpeak sortzen dabiltzan taldeak. Baina zergatik egiten dute hori? Uste dut badagoela nazioartean batere lagungarriak ez diren garapenerako laguntzei buruzko erabaki sorta bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.