Ostiralean gertatu zen ezbeharra, baina asteburuan jakin da horien biktimetako bi bizkaitarrak zirela. Izan ere, Getxoko erizain bat hil zen Madrilgo Burro Canaglia jatetxearen sutean, eta beste bat larri dago ospitalean.
Jatxete italiar gisa aurkeztu du bere burua Burro Canagliak, baina oihana irudikatzeko daude apainduta kateko jantokiak, plastikozko landarez beterik. Lekukoek adierazi dutenez, pizza flanbeatu batek eragin zuen sutea.

Getxoko sei adiskidek juntadizoa egin zuten jatetxean, tarteka egiten zuten bezala. Bizkaiko herriko ingeles eskolan ikasitakoak ziren guztiak, baina hainbat lekutan ari ziren lanean. Sutean hil zen 43 urteko Alexandra Velasco Negurin bizi zen, eta Zorrotzaurreko IMQ klinika pribatuan egiten zuen lan. Bertako langileek minutuko isilunea egin dute gaur, haren omenez.
Madrilgo Salamanca auzoan dago jatetxea. Suhiltzaileen egoitza bat dago handik gertu, baina sua oso azkar zabaldu zen, eta ezin izan zuten saihestu bi pertsona hiltzea, erizaina eta zerbitzari bat, eta dozenaka zauritzea.
Maria Montes da erietxean dagoen getxoztarra. 41 urte ditu, eta erredurak ditu gorputzaren %25ean. Horrez gain, barne zauri larriak ditu. Haien lagunek minik hartu gabe ateratzea lortu zuten, atetik gertuago zeudelako eserita.
Bilbon, frankizia
Kateak badu jatetxe bat Bilbon, Guggenheim museotik gertu, eta han ere plastikozko landareak dira apaingarri nagusiak. Facua kontsumitzaileen elkarteak «premiazko ikuskapena» egiteko eskatu dio Bilboko Udalari, apaingarri horien materiala aztertu eta «suaren aurkakoa den egiaztatzeko»; «Madrilen dagoen establezimenduan jazotako ezbeharra berriro gertatzea eragotzi nahi da». Udalak jakinarazi duenez, «laster» egingo dute ikerraldi hura; dena dela, hark baieztatu du Bilboko jatetxeak beharrezko baimenak eta instalazioak dituela.
Pizza flanbeatua nabarmentzen du Burro Canaglia jatetxe kateak bere eskaintzaren artean. Bezeroen aurrean, zerbitzariek su ematen diete pizzaren gaineko osagaiei, soplete batekin. Pizza inferno haragijalea du izena platerak. Kateak adierazi duenez, zuzendaritzak debekatu egin du pizzari su ematea. Bilboko jatetxearen kudeatzaileek esan dutenez, eurek sopletea barik txiskero bat erabiltzen izan dute, segurtasunarekin kezkatuta.
