Bi eskiatzaile donostiar hil dira elur jausi batek harrapatuta, Formigalen

Aragoiko Pirinioetako eski estazioko langile bat ere hil egin da, pistetatik kanpo gertatutako ezbeharrean

Erredakzioa
2008ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bi donostiar hil ziren atzo goizean Pirinioetan, Formigalgo (Aragoi, Espainia) eski estazioan, elur-jausi batek harrapatuta. Eski pistak kudeatzen dituen Aragoiko Mendiak-Aramon elkarteak jakinarazi zuenez, Gasteizen bizi zen 37 urteko Iñigo Enrique Z.G. eta 36 urteko Daniel O.E. dira zendutako bi lagunak, donostiarrak biak ala biak. Zaragozako (Espainia) 32 urteko beste gizonezko bat, Miguel Angel Rodriguez eski estazioko langilea ere hil zen ezbeharrean. Hiru lagunen gorpuak Jakako (Aragoi, Espainia) ospitalera eraman zituzten atzo arratsean, autopsia egitera.

Eski estazioak egun osoan informatu zuen gertakarien nondik norakoen inguruan, prentsa oharren bidez. Aramon elkarteko lehendakari Francisco Bonok agiri bat irakurri zuen biktimak zein ziren jakinarazteko. Estazioak prentsa ohar batean azaldu zuenez, 10:40 aldera, estazioko langileek elur-jausi baten berri izan zuten. Eskiatzeko pistetatik at izan zen elur-jausia, Garmo La Mina deritzon eremuan, Anayet mendiaren inguruetan. Zenbait hedabideren arabera, bi donostiarrak argazkiak egiteko asmoz atera ziren pistetatik. Pistatik kanpo eskiatzen ari ziren zenbait lagunek eman zuten gertaeraren berri. Inguru horretan zebilen ere hildako hirugarren laguna, eski estazioko langilea, argazkiak ateratzen hau ere, agentzien arabera. Estazioko langilea «bere lan arduren baitako hainbat zereginetan» ari zela eta ez zegoela bi donostiarren taldearekin zehaztu zuen Aramon elkarteak.

Oharrean azaldu zutenaren arabera, ezbeharra baino lehenagoko 24 orduetan elur ugari bota zuen inguruetan, eta estazioak elur-jausien arriskuaz abisua eman zuen. Hain zuzen, hiru lagunak azpian harrapatu zituen elur-jausia bezperako elurteak eragin zuela uste du estazioak. Oharrean, Aramon-ek gertaera sentitzen duela adierazi zuen, hildakoen senideei elkartasuna helaraztearekin batera. Minutu bateko isilunea deitu dute arduradunek gaur eguerdirako.



BILATZE LANAK ETA SUSPERTZE ARIKETAK. Elur-jausia izan zela jakin eta berehala, Aramon-eko langileak beharrezko tresnekin bertaratu ziren ezbeharraren lekura. Aldi berean, 112 larrialdi zerbitzua, Guardia Zibila eta Babes Zibila gertatutakoaz ohartarazi zituzten, eta estazioak halako egoeretarako duen Larrialdi Plana martxan jarri zuten.

Behin ezbeharraren lekuan, desagertutako hiru lagunak bilatzen hasi ziren poliziak eta larrialdietako langileak. Lehenik topatu zituzten bi eskiatzaileei suspertze ariketak egin zizkieten, arrakastarik gabe. Hirugarren laguna, ordea, hilik topatu zituzten.

Jakako Guardia Zibileko Mendi Sekzioko tenienteburu Pedro Garijok zehaztu zuenez, Benasque, Boltaña eta Panticosako unitateetako 15 guardia zibilek parte hartu zuten bilaketa lanetan. Elur-jausietan espezializatutako bi zakur eraman zituzten ezbeharraren eremura, eta bi helikopterok ere lagundu zuten erreskatean. Inguruan zebiltzan hainbat boluntariok ere parte hartu zuten bilaketa lanetan.

Garijoren hitzetan, operazio «azkarra eta eraginkorra» izan zen, ordubetean lehen biktima topatzea ahalbidetu zuena. Zakurrei esker topatu zuten lehenengo eskiatzailea, eta Anayeteko aparkalekuan zegoen Sabiñanigoko zainketa intentsiboetako unitate mugikorrera eraman zuten. Bertan, suspertzeko ariketak egin zizkioten, arrakastarik gabe.

Bigarren biktima, elur-jausien zundatzeen bitartez topatu zuten. Aramon-ek ohar bidez jakinarazi zuen biktima honi ere suspertze ariketak egin zizkiotela, baina ezin izan zela ezer egin haren bizia salbatzeko. Azken biktima, berriz, erreskatea asko zaildu zuen sakoneran zegoen. Elur-jausietan pertsonak topatzeko gailu baten bidez aurkitu zuten azkenerako, hilda.

Hirugarren biktima aurkitu zutenean bukatutzat eman zituzten erreskate lanak, elur azpian beste inor egoteko aukera baztertuta.

Ezbeharraren nondik norakoak oraindik ere ikertzen ari direla jakinarazi zuen Garijok. Halaber, ezbeharraren inguruko informazio guztia biltzen ari direla adierazi zuten eski estazioko arduradunek.



MENDIAN KONTUZ IBILTZEKO DEIA. Mendiari errespetua izateko eta kontuz ibiltzeko deia egin zuen erreskate taldeetako eledunak atzoko ezbeharraren ondotik. Izan ere, gogorarazi zuenez, azken bi egunotan elur asko egin du inguruetan, eta elur hori oraindik ez dago gogorra. Hala, pistetatik kanpo eskiatzea ez dela gomendagarria esan zuen Garijok, «mendia ez baitago baldintzarik onenetan».

Mezu bera helarazi zuen Aragoiko Gobernuak ere, Industria, Merkataritza eta Turismo kontseilari Arturo Aligaren ahotik. Formigalen izan zen Aliga, eta biktimen senideei doluminak agertu zizkien. Mendian kontu handiz ibiltzearen mezua azpimarratu zuen, eta Formigaleko estazioa «segurua» dela gaineratu. Erreskate lanen azkartasuna txalotu zuen, halaber.

Ezbeharra gertatu zen eremuari buruz mintzatu zen Formigaleko eski estazioko zuzendari Antonio Jerico. Eremu horretara eskiatzen joan daitekeela azaldu zuen, baina ezbeharra izan zen lekura, zehazki, ez dela erraza iristen. Jericok jakinarazi zuen egunero, pistak zabaldu aurretik, bakoitzaren egoera aztertzen dutela estazioko langileek, zein ireki eta zein ez erabakitzeko. Hain zuzen ere, atzo hainbat pista ez zituztela zabaldu gaineratu zuen, elur-jausiak egoteko arriskua handia zela-eta balizez markatu gabeko eremuetan. Iragarpenaren arabera, 4 mailakoa zen arriskua balizatu gabeko eremuetan.

Elur maila handia eta eguraldi eguzkitsua lagun, jende ugari zebilen atzo eskiatzen Formigalen, eta gehienak ez ziren jabetu gertatutakoaz. 100 zentimetroko elur-hautsa zegoen atzo bertan, eta eskiatzeko 72 kilometro. 59 pista zeuden eskiatzeko zabalik atzo, eta beste 19 itxita, elur-jausien arriskuagatik.



Pirinioetan elur-jausiak izateko arriskua handia dela ohartarazi dute

Espainiako Meteorologia Institutuak(IME) ohartarazi du elur-jausiak izateko arrisku handia (4 mailakoa) dagoela Nafarroako eta Aragoiko (Espainia) Pirinioetan, egunotan bota duen elur ugariaren ondorioz. Biharko ere arriskuak handia izaten jarraituko du, iturri horien arabera.

IMEk jakinarazi duenez, atzora arte elur ugari egin du Aragoiko Pirinioetako haran askotan. Esaterako, Angel Oruseko aterpean (Benasque) 43,5 litro jaso zituzten metro kuadroko, 40 litro Gorizen (Torla), 40 litro Pinetan, 35 Candanchun, 31,7 Lintzan eta 30,6 Panticosan.

Modu horretan, elur geruza asko handitu da toki guztietan. La Renclusan 85 zentimetro dituzte, Gorizen 62, Lizaran 60, Candanchun 50, Panticosan 42, eta Lintzan 21. Malda askotan elurra egonkortu gabe dagoenez, mugitu eta jausiak izateko arriskuaz ohartarazi du IMEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.