Bi euskal herritar hil dira gaur Kantabriako bi hondartzatan. Eguerdian, 54 urteko gizonezko donostiar bat zendu da Santoñako Berria hondartzan (Espainia). Larrialdi zerbitzuek zabaldutako informazioaren arabera, sorosleek atera behar izan dute uretatik, ondoezik baitzen. Ordurako, bihotz-biriketako geldialdia izana zuen gizonezkoak. Suspertzen saiatu dira, baina ez dute erdietsi bizia salbatzea.
Halaber, Mungiako (Bizkaia) gizonezko bat zendu da Castro Urdiales udalerriko Brazomar hondartzan, itota: Jose Angel Fernandez; 69 urte zituen, eta PSEko zinegotzia zen Mungian. Han lanean ziren sorosleak konturatu dira pertsona bat zegoela ur azalean, itsasertzetik 25 bat metrora. Uretatik atera dute, eta erreanimazio maniobrak egin, baina handik gutxira zendu da.