Dominique Joseph Garat 1789an Lapurdiko diputatu izendatua eta Christine Bessonart Auzapezen Biltzarreko presidentea buruz buru topatu ziren atzo Senpereko (Lapurdi) herriko etxe aitzinean, larru arraseko horidunez, hots, demoez inguraturik zirela. Bi mendeko jauzia Lapurdiko Biltzarraren erregistroen itzultzeko. «Zorte on gaur egungo herritarrei, demokraziaren izenean aspaldi aldarrikatu genuena erdiets dezazuela» erranez lekuak hustu zituen Garatek.
Hain zuzen, denboraren legez bi garai horiek urrunak bezain ezberdinak dira, baina gauza bat hein berean gelditzen da Ipar Euskal Herrian: Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdirentzat berezko instituziorik ez da, eta euskal herritarrek behin eta berriz aldarrikatu arren, Frantziak ez die horrelakorik onartzen.
«Ma province proteste», azaldu zuen Garatek 1789an, ikusiz hiru lurraldeak osorik eta bakarrik kontuan hartuko zituen departamendua errefusatzen zietela. 221 urte berantago protestak segitzen duela erakutsi zuten demoek atzo.
Nahiz Biltzarra aurka agertu, Ipar Euskal Herriarentzat eta Biarnorentzat departamendu bakarra osatu zuten 1790ean. Orduan desagertu zen Biltzarra, eta horrekin batera desagertu zen euskal herritarrek euskaldun gisa antolatzeko eta erabakitzeko zuten eskubidea ere.
Erregistroak hamar urtez egonak dira nonbait gorderik, larru arraseko horidunek salbu inork ez dakien toki batean. «Eta ez duzue inoiz jakinen», zioen atzo irriz Peio Etxeberri-Aintzart demoak. Segur garena da Euskal Herriko xoko batean zituztela. Hain zuzen, beren tokia Euskal Herrian zutela erranez zuten 2000ko ekainean Paueko artxibategian hartu eta norabait eraman.
Bi aldarrikapen, bat lorturik
Ekintza horren bidez Ipar Euskal Herriko «memoria» eta «ondare historikoa» bilduko lukeen tokiko artxibategia aldarrikatu zuten demoek.
Hori badute egun, eta «pozik» dira. Jean Noel Etxeberri Txetx demoak dioen bezala, ekintza «sinboliko» horrek «aspaldiko eztabaida berriz abiarazi zuelako». Hamar urte pasatu dira, sostengu ekimenek eta auziek egunak elkarren artean josirik.
2004an zituzten hemezortzi lagun auziperatu. Ekintzaren egunean bertan, bi liburuak eskutan prentsaren aitzinean agertutako bi, eta, berantago, haien burua inkulpatu zuten 126 lagunetarik bi. Ez zuten Garat auziperatu, alta, haren izena zeraman ikasle karta aurkeztu ondoan ziren dokumentu historikoak Pauetik lekutu.
Ekintzaren egunean berean, beste hamalauk Ipar Euskal Herriko dokumentuak artxibategitik hartu, eta furgoneta batean ezarri zituzten; baina han bertan gelditu ziren Polizia bertara joan arte. Haiek identifikatu eta auzipetu zituzten baita ere.
Hainbat ikerlarik, abokatuk, notariok eta juristak prentsaurrekoa eman zuten garai hartan aldarrikapena sostengatzeko.
2005ean artxibategia hitz eman zuten, eta hori egitearekin batera liburuak itzuliko zituztela hitz emanik, «hitza hitz», horra non itzuli zituzten atzo.
Haatik, Biltzarraren presidenteari eman dizkiete, gaur egitekoa den estreinan izango diren hainbat hautetsik borroka hau ez «instrumentalizatzeko». Bessonart artxibategiko zuzendariarekin «ahal bezain fite» harremanetan jartzekoa da. Estreinarako gomita ez ukanik, ez ditu karia hontara itzuliko. «Harro», «pozik» agertu da, Garatek eskatzen diona betetzeko «duina» izatea «espero» duela zehaztuz. Artxibategia lortua baldin bada, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aldeko borroka eramaten segitu beharko dutelako. Lurralde berrantolaketaren erreformaren garaia izanki, orduko eta oraingo egoeraren arteko paraleloa egin du Bessonartek. Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak orain arte zuen Pays egitura bakarra desagertuko denez, «benetako ezagupen instituzionala lortzeko borrokatuko» direla argi utzi dio XVIII. mendeko ordezkariari.
Demoen azken agurra
Demoek egin lehen ekintzetariko bat izan zen artxiboena. Haien azken garaipena izango da ere. Demoen mugimendua bukatua delako. Ekainean jakinarazi zuten heriotza. «Bihotzean ximiko batekin», baina irria aurpegian.
Orduan Etxeberri-Aintzartek zioen bezala, «militante batzuk formatu ditugu, beste mugimendu eta gogoeta ziklo batzuetan ari direnak orain». Larru arraseko horiak armairu xoko batean muntatzen badituzte ere ez dira «geldirik egotekoak». Hobe, beste bi menderen buruan horiz jantziriko batzuen agerpena ez dutelako itxoinen askok. Lehenago lortu beharra da, eta, Garatek atzo zioen bezala, hau izango da «Euskaldunen Bastillaren hartzea».
Bi garai ezberdin eta eskaera bera
Lapurdiko Biltzarraren erregistroak itzuli dituzte demoek, dokumentu historikoan galdatzen den Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala aldarrikatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu