Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu gaur goizean Donostian eta Durangon (Bizkaia), ustez bikotekideei eraso dietelako.
Donostian, goizeko ordubata baino pixka bat lehenago, Amara Zaharra auzoko etxebizitza batean zarata ozenak eta desordena handia zeudela jakinarazi diete ertzainei han bizi direnek. Ertzainei biktimak (emakumeak) esan die bikotekideak eraso egin diola eta, etxeko beste bizilagun bat tartean sartu denean, ihes egin duela ustezko erasotzaileak. Ertzainek 24 urteko gizonezko bat (R.R.G.) atxilotu dute, eta emakumeari sorospen etxe batera lagundu diote, zauriak zituelako.
Durangon, San Roke auzoko taberna batean gertatu da ustezko erasoa. Emakume batek senarraren erasoa jaso du eta aurpegian hainbat kolpe zituela osasun zentroan agertu da, Udaltzaingoak Ertzaintzari goizeko laurak aldera esan dionez. Biktimak egin duen salaketaren arabera, duela egun gutxi beste eraso batzuk eta mehatxuak egin zizkion senarrak. Ertzaintzak 25 urteko gizonezko bat (J.N.F.) atxilotu du.
Emakumeen kontrako indarkeria
Bi gizonezko atxilotu dituzte Donostian eta Durangon, bikotekideak jo dituztelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu